Frantziaren ondoren, EFSF

Standard & Poor'sek AAA kalifikazio gorena kendu dio EFSF erreskate funtsari, eta funtsaren gaitasuna kolokan jarri duMoody'sek, oraingoz, eutsi egin dio Frantziaren zorraren A hirukoitzari

jakes goikoetxea
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Standar & Poors'en (S&P) bigarren ekitaldia: Frantziaren luzera begirako zorrari kalifikazio gorena jaitsi eta gero, Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsari (EFSF) ere jaitsi dio, AAAtik AA+era. Espero zen eta neurri logikoa da, S&Pren logikari jarraituta. EFSF erreskate funtsak jaulkitzen duen zorrak AAA kalifikazioa zuen, kalifikazio hori zuten herrialdeen babesa zuelako, Alemaniarena eta Frantziarena nagusiki. Frantziak A hirukoitza galduta, EFSFk ere galdu du.

Ondorioa: EFSF erreskate funtsak diru gutxiago izango du uzteko, herrialdeek berme edo diru gehiago jartzen ez badute. Alemaniak, Merkelek, ezetz esan izan dute.

Berez, EFSF erreskate funtsak 440.000 milioi euro zituen herrialdeei uzteko moduan. Praktikan 250.000 milioi euro dira, hainbat diru utzi baitie Greziari, Irlandari eta Portugali.

EFSFk zorra jaulkita lortzen du dirua. Zorra jaulkitzen duenean euroguneko herrialdeek bermeak eskaintzen dizkiete zorraren erosleei. Zorraren erabateko fidagarritasunari eusteko 780.000 milioi euro ditu bermeetan, Alemaniak (%27) eta Frantziak (%20) jarritakoak gehienak. Austriak ere galdu du A hirukoitza, eta EFSFren barruan hiru herrialdek bakarrik dute kalifikazio gorena: Alemaniak, Herbehereek eta Luxenburgok. Bermeetan jarritako hiru eurotik bat.

Orain, fidagarritasun piska bat galduta, EFSFk indarra eta sinesgarritasuna galduko ditu. Europako herrialdeek erabaki beharko dute, ea indarra galtzea onartu edo berme gehiago jarri, funtsaren gaitasuna berreskuratzeko. Berme gehiago jartzen ez badituzte, EFSFrentzat garestiago izango da zor merkatuetan dirua lortzea, ziurrenik interes handiagoak eskatuko baitizkiote.

Moody's kalifikazio agentziak Frantziaren luzera begirako zorraren kalifikazio gorena (AAA) berretsi zuen atzo, Standard & Poor'sek (S&P) koska bat jaitsi eta hiru egunera. Moody'sek uste du kalifikazioa, oraingoz, egonkorra dela, baina ohartarazi du zaintzapean jarraitzen duela. Aurtengo lehen hiruhilekoan bertan jakinaraziko du ebaluazio berria. Fitchek, hirugarren kalifikazio agentzia nagusiak, eutsi egin dio Frantziaren AAA kalifikazioari, baina bilakaera negatiboa espero du.

Txaloak eta txistuak

Adierazgarriak dira Europako agintarien erreakzioak kalifikazio agentzien erabakien aurrean. Moody'sek Frantziaren A hirukoitzari eutsi dio, eta Frantziako Gobernuak erabakia txalotu du. «Horrek erakusten du gure politikak egokiak direla», nabarmendu zuen François Baroin Ekonomia ministroak. Baroinentzat Moody'sen erabakia akuilua da aurrera egiteko.

S&Pk kalifikazioa jaitsi eta gero, aldiz, agintariek gutxietsi egin nahi izan dute erabakiaren garrantzia eta seriotasuna. Hala ere, era berean, garrantzia aitortu diote, horrek bestelako neurriak eragin edo zuritu ditzakeelako.

«Ez dut aintzat hartuko kalifikazio agentziek esaten dutena», adierazi zuen Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, atzo, Madrilen. Hurrengo esaldian, ordea, Frantziak defizita eta gastua murrizten eta lehiakortasuna hobetzen jarraitu behar dutela aipatu zuen.

Antzeko adierazpenak egin zituen herenegun ere. Frantziari hainbat erabaki jakinaraziko dizkiola, «denborarik galdu gabe hartu behar diren erabaki garrantzitsuak». Sarkozy sindikatuetako eta patronaleko ordezkariekin bilduko da bihar. Bertan BEZ soziala indarrean jartzeko asmoaz hitz egingo dute: alde batetik, enpresei gizarte kotizazioak murriztea; bestetik, gizarte kotizazioen hutsunea berdintzeko atzerriko produktuei balio erantsiaren zerga igotzea.

Merkelen presak

Alemanian, Steffen Seibert gobernuko bozeramailearen iritziz, Frantziak A hirukoitza galtzea ez da hainbesterako; Angela Merkel kantzilerrak, ordea, aukera baliatu du Europako herrialdeei batasun fiskaleko neurriak «azkarrago» eta «osorik» ezartzeko, «samurtu gabe».

S&Pk euroguneko bederatzi herrialderi jaitsi zien zorraren kalifikazioa ostiralean. Hainbat argudio erabili ditu. Hasteko, neurriak hartzeko orduan krisiaren diagnostiko okerra egitea leporatu die Europako agintariei: periferiako herrialdeek xahututako dirutzan oinarritzea, aintzat hartu gabe herrialdeen kanpo balantzen eta lehiakortasunen arteko desorekak. Gero, erreformak neurritasunean bakarrik oinarritzea akatsa dela dio.

Europako Batzordearentzat S&Pren erabakia «arraroa» da, bai «erabakia jakinarazteko momentuagatik», bai Europak krisiari emandako erantzuna «gaizki ulertu duelako». Neurritasun neurriez gain, egiturazko erreformak ere bultzatzen ari diela nabarmendu zuen atzo Olivier Bailly Europako Batzordeko bozeramaileak. Erreforma horien eragina «bizpahiru urte barru edo beranduago» nabarituko da lehiakortasunean, hazkundean eta enpleguan. S&Pk «seinale positiboei» jaramonik ez diela egin uste du Baillyk, eta ez daukala informazio gaurkotua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.