Espainiako estatuaren mendeko FROB funtsak Auzitegi Gorenean salatu ditu Banco de Valenciako arduradun izandakoak, erakundearen gidaritzan zeudenean merkataritzako araudia hautsi zuten susmopean. Tartean, baita Jose Luis Olivas ere, Valentziako erkidegoko lehendakari eta Bancajako eta Banco de Valenciako izandakoa. Bancajak eta CajaMadridek bat egin eta Bankia sortu zutenean, hango presidenteorde kargua hartu zuen Olivasek. Banco de Valencia Bankiaren filiala zen eta Olivas haren arduraduna. Iazko azaroan Espainiako Bankuak esku hartu zuen, mila milioi euroko zuloa atzeman zuenean. Olivasek hilabete bat lehenago utzi zuen presidente kargua.
FROBek gisa horretako salaketa bat jartzen duen lehen aldia da. Olivasek eta Banco de Valenciako haren lagunek, ordea, badituzte euren kontrako auzibide gehiago epaitegietan. Maiatzean, akziodunen batzarrak haien kontra bide zibiletik jotzea erabaki zuen. Valentziako hirugarren Instrukzio Auzitegiak ere abian du haien kontrako beste ekinbide bat, akziodun txikien elkarte batek jarritako salaketagatik. Hain zuzen, auzitegi huraxe izan zen FROBi erakundearen inguruko txostena eskatu ziona.
Bankiaren ikerketa, abian
Bankiako goi kargudunen eta Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko gobernadore ohiaren kontra UPDk eta Manos Limpias sindikatuak jarritako bi salaketak aztertzeaz, berriz, Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea arduratuko da. UPDk Bankiako 35 goi kargudun salatu ditu, ehunka inbertsiogile txiki engainatzea leporatuta. Manos Limpiasek, ostera, Espainiako Bankuko gobernadore ohia eta Bankiako presidente izandakoak salatu ditu, erakundea kontrolatzeko garaian arduragabekeriaz jokatzeagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik.
Ez dira gisa horretako ekintza bakarrak. Joan den astean, ELAk eta CIGek Jose Maria Aznarren garaitik Espainiako arduradun politiko izan direnak salatu zituzten Auzitegi Gorenean. M-15 mugimendukoak, berriz, dirua biltzen ari dira Rodrigo Rato Bankiako presidentea izandakoa salatzeko.
Krisia eurogunean
FROBek Banco de Valenciako arduradunak salatu ditu
Espainiako Gobernuaren mendeko funtsak horrelako salaketa bat jartzen duen lehen aldia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu