Urtzi Martinez, Jon Telletxea eta Aitor Fernandez epaitu dituzte gaur Bilboko epaitegian, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean Bilboko epaitegiaren ondoan gertatutako istiluetan parte hartu zutelakoan. Gaurkoz amaitu da epaiketa, eta fiskalak eta akusazioak zigor eskaerak mantendu dituzte. Defentsak, aldiz, adierazi du lekuko gisa deklaratu duten hiru ertzainen adierazpenak ez datozela bat kameren bidez defentsak berak lortu duen denbora sekuentziarekin. Eta, horregatik, "frogak falta" direla argudiatuta, absoluzioa eskatu du hiru lagunentzako.
Bihar jarraituko du epaiketak defentsaren bigarren abokatuen ondorioekin. Horrela amaituko da, eta ondoren epaileak erabakia hartu beharko du. Horretarako ez du denbora-mugarik izaten.
42 urteko zigorra eskatua zuen fiskalak Martinez, Telletxea eta Fernandezentzat —ia hamalau urte bakoitzarentzat—. Eraikina zaintzen ari ziren ertzainei ke ontziak jaurtitzea eta bi polizia zauritzea egozten diete.
Hiru lagun horiez gain, laugarren bat ere epaitzeke dago; Irantzu Iadebere. Bera adingabea zen orduan, eta beste prozedura batean epaituko dute: hemezortzi hilabeteko lan soziala egitera zigor dezakete.
Gaurko saioa hasi baino lehen, hainbat lagun elkartu dira Bilboko epaitegiaren atarian, auzipetuei babesa adierazteko. Larunbatean, mila lagunek baino gehiagok hartu zuten parte grebalariei sostengua adierazteko manifestaldian.