Urte eta erdiko negoziazioen ostean, arrisku handiko funtsen gaineko kontrola zorrozteko neurriak hitzartu dituzte Europako Batasuneko herrialdeek. Akordioa egiteko, Erresuma Batuaren nahietara makurtu behar izan dute gainerako herrialdeek. Izan ere, negoziazioetan aurrera egiteko Erresuma Batuaren baldintza pasaporte europarra deritzona sortzea zen. Eta, azkenean, hala egingo dute. Pasaporte horri esker, 2015etik aurrera kanpoko hedge fund-ei EBn aritzea onartuko diete, 27 herrialdeetako batek baimena emanez gero.
Berez, joan den uztailean onartu behar zituzten arrisku handiko funtsak kontrolatzeko neurriak. Baina Erresuma Batuak egindako presioek atzeratu zuten akordioa. 27 herrialdeek hitzartu dituzten neurriek Europako Parlamentuaren oniritzia behar dute orain, indarrean sartzeko. Dena dela, EBko kideek eta Europako Batzordeak ez dute espero arazorik sortzerik, Europako Parlamentuak proposatutako neurrietako askok aurrera egin dutelako.
Akordioa Londresen garaipen gisa har liteke, han daudelako EBko hamar hedge fund-etatik zortzi. Aldiz, galtzailea Frantzia litzateke, negoziazioetan hark izan duelako jarrerarik zurrunena eta hark eman behar izan duelako amore. Pasaportea sortzearen erabat kontrakoa zen, zerga paradisuetan egoitza duten arrisku handiko funtsei EBko ateak irekiko zizkiela iritzita. Kaiman uharteetako funtsen sarrerak kezkatzen zuen bereziki. Lurralde hura Erresuma Batuaren kontrolpean egonik, hango funtsak EBn askatasunez eta kontrolik gabe ariko zirela zioen. Frantziak amore eman badu akordioa lortzeagatik izan dela argitu du Christina Legarde Finantza ministroak.
Dena dela, akordioak kontrol eta diziplina zorrotzagoak nahi dituzten herrialdeak ere gogobetetzen dituela azaldu du Legardek. Izan ere, merkatuak gainbegiratzeko europako agintaritzak (ESMA, ingelesez dituen siglengatik) funts horiek ikuskatzeko boterea izango du -oraindik sortzeko dago agintaritza hori-. Besteren artean, herrialdeetako agintaritzei funts jakin batean esku hartzeko agindu ahal izango die ESMAk, EBko finantza sistemarentzat arriskugarria den zerbait egiten ari dela irudituz gero.
Hedge fund-ak zorrotzago kontrolatzeko neurriekin, bi helburu bete nahi ditu EBk: batetik, G20koan hartutako konpromisoak betetzea; bestetik, finantza sistemaren egonkortasuna arriskuan jar dezakeen operadore orori dagokion araudia gogortzea.
Michel Barnier Europako finantza gaietarako komisarioaren esanetan, aurrerapauso garrantzitsua da akordioa, «Europan egiten den lehena delako». Zenbait egunetan finantza merkatuetako salerosketen erdiak hedge fund-en sektorean gauzatzen direla azaldu du.
Funtsetan esku hartu ahal izango du EBko begiraleak
Pasaporte europarrari esker, kanpoko arrisku handiko funtsek EBn aritzeko aukera izango dute 2015etik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu