Funtzio publikoarena itun politikoa dela diotenei «guztiz oker» daudela erantzun zieten atzo ELAtik. Akordioak «eduki sozial handia» duela eta «horregatik bakarrik» sinatu dutela esan zuten atzo Izaskun Garikano Gizalaneko idazkari nagusiak eta Mirari Irure Osakidetzako arduradunak. Bestela ere bere sindikatuak «inongo estrategia politikorako» ez dituela langileak erabiltzen ziurtatu zuen Garikanok.
EAEko administrazioko langileen baldintzak ezartzen dituen akordioa 2000. urtetik sinatutako onena dela nabarmendu zuten ELAtik. 35 lanorduko astea lortu zuten orduan. Orduko lan eskaintza publikoa 4.650 lanpostukoa izan zela eta orain hitzartutakoak, berriz, «13.000 lanpostu prekario egonkor» bihurtuko dituela esan zuen Garikanok.
Bestelako edukien garrantzia ere nabarmendu zuten atzoko agerraldian. Azpikontratazioen inguruan, aurreko gobernuak«sektore publikoa desegiteko» zuen helburua geldiarazi dutela eta, aldi berean, administrazioak azpikontratatutako enpresetako langileen lan baldintzen gaineko erantzukizuna aitortzen dela esan zuen Gizalanekoak.
Euskalduntzearen inguruan, bestetik, Jaurlaritzak euskara «hizkuntza baztertu gisa» onartzen duela eta erabilera bermatzeko planak plazaratuko dituela esan zuten ELAkoek.
LABekin bilerarik ez
Joan den astean LABek esan zuen «ulertezina» dela ELAk funtzio publikoaren ituna sinatzea, eta bi sindikatuen arteko bilera egunotan egingo zutela aurreratu zuten. Atzoko agerraldian, alabaina, Gizalan federazioak ezeztatu egin zuen LABekin batzarrik egin duenik.
Edonola ere, akordioa zerbitzu publikoak eta ongizate sistema hobetzeko tresna besterik ez dela esan zuten ELAkoek, «inolaz ere ez helburua». Horrexegatik, akordioa betetzen duten «zorrotz» jarraituko dute. Garikanok gaineratu zuen, halaber, sindikatuak ez duela aldatu Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzarekiko jarreraeta «oraindik ere gatazkak bizirik» dirauela.
Funtzio publikoaren ituna «edukiengatik bakarrik» sinatu duela esan du ELAk
Eusko Jaurlaritzarekiko duten jarrera ez dela aldatu eta «gatazkak bizirik» dirauela berretsi du sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu