EAEko administrazioko langileen baldintzak ezartzen dituen itunarekin Patxi Lopezek irabazi eta euskal sindikalismoak galdu duela deitoratu zuten atzo LABek. Eusko Jaurlaritzak ELArekin eta CCOOrekin sinatutako akordioa sektore publikoa «desegiteko» bidean urrats berria dela salatu zuen Arantza Sarasola sindikatuko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkariak. Sinatzaileei, bestalde, itunak jasotako hainbat alderdi Madrilen erabakitakoak direla aurpegiratu zien.
Akordioaren eduki gehienak kritikatu zituen LABek, baina, batez ere enplegu publikoari buruz zabaldutakoa gezurtatu nahi izan zuen: «Enplegu publikoan ez dute lanpostu berririk sortuko, aurretik daudenak finkatzea besterik ez dute adostu». Ondorioz, iragarriko den enplegu eskaintzak Jaurlaritzak «irudi kanpaina» egin dezan besterik ez du balio izango.
Soldataren igoera ere «Madrilen ezarri» dela gaitzetsi zuen Sarasolak. Horren haritik, gogorarazi zuen urteetan salatu dutela euskal administrazioko langileek duten negoziatzeko «ahalmen eskasa». Itunak, gainera, administrazioaren mende ez dauden zerbitzu publikoetako langileak berriz ahaztu izana leporatu zien sinatzaileei.
Onartutako euskalduntze plana ere kritikatu zuen LABek, %8 gutxiago gastatuko baitute «berez nahikoa ez zen esparruan». Akordioaren «alderdi baikor bakarra» zalantzan jarri zuen Sarasolak: «Pribatizazio berririk egingo ez dela jaso den arren, egingo ez duten bermerik ez dugu».
ELAren jarrera «ulertezina»
Funtzio publikoaren akordioaren edukietatik haratago, ELAk negoziazio horretan izandako jokabide «ulertezina» nabarmendu zuen Sarasolak: «Ezustean harrapatu gaitu ELAk akordioa sinatzea». Hitzarmen kolektiboari dagokionez, sindikatuen arteko akordiorik ez zegoela azaldu eta, hartara, ezer hautsi ez dela argitu nahi izan zuen. Hala ere, erabakiari bultzatu nahi duten eredu sindikalarekin «inkoherentea» iritzi zion.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, berriz, akordioaren emaitza babestu zuen atzo, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan. Eusko Jaurlaritzak negoziazioan eginiko «ahalegina» nabarmendu zuen, eta gogorarazi zuen bere sindikatua mahai gainean edukiak dauden guztietan hitz egiteko prest dagoela.
UGT-Euskadi ere baikor azaldu zen akordioarekin, eta sinatzea erabaki du, nahiz eta «gabeziak» dituen. Akordioa, «hein batean, elkarrizketa sozialaren ondorioa» ere dela esan zuen.
Funtzio publikoaren itunak enplegu berririk ez duela sortuko salatu du LABek
Lakuaren negoziatzeko «ahalegina» balioetsi du ELAk, eta akordioa sinatu izana kritikatu du LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu