Funtzio publikoko mahaitik altxatu dira ELA eta LAB

Eusko Jaurlaritzak sektoreko langileen datorren urteko paga guztiak izoztea proposatu du

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Funtzio publikoko negoziazio mahaian bildu ziren atzo Eusko Jaurlaritzako eta sindikatuetako ordezkariak. Gai bakarra zuten aztergai: datorren urteko soldaten izoztea. Jasotako proposamenarekin haserre, mahaitik altxatu dira ELA eta LAB. CCOOk ere kritikatu egin ditu Administrazioaren asmoak.

Soldaten murriztea bikoiztu nahi dutela salatu du ELAk. Maiatzean, %2,86 jaitsi zuten langile publikoen saria.Hamalau pagetatik zortzitan aplikatu zieten jaitsiera. Datorren urtean, soldatak izoztea zen asmoa. ELAren arabera, paga guztiei eragingo die jaitsierak datorren urtean. Gastuak %5 murrizteko agindu zien administrazioei Espainiako Gobernuak. Soldatak izoztuta bakarrik lor daitekeen arren Jaurlaritzak beste hainbat neurri atzerakoirekin jarraituko duela salatu du. Gaixoaldian dauden langileak ez ordezkatzea eta postuen amortizazioa aipatu ditu, besteak beste.

LABen iritziz, negoziazioa «fartsa hutsa» da. «Erabakiak hartuta daude, aurrekontuak ere onartu dituztelako». Hurrengo negoziazioak aurrekontuen prestaketarekin batera egiteko eskatu du, «horrela ez ginateke galduko antzerki hutsetan».

Komunikabideen bidez sektore publikoko langileen aurka etengabeko kanpaina egiten dela ere salatu du.«Kudeaketa publikoaren irudiari kalte egin nahi diote, kudeaketa pribatua goretsi eta zerbitzu publikoen pribatizazioari bultzada emateko». Mobilizazioak egiteko asmoa agertu du.

Mahaitik altxatu ez bada ere, Jaurlaritzaren proposamenaren aurka hitz egin du CCOOk ere. «2009ko azaroan sindikatuekin lortu zuen akordio hautsi du». 2011ko abenduaren 31ra arteko iraupena zuen hark. Esan du murriztea paga guztiei eragingo dienez aurten baino gutxiago irabaziko dutela langileek. Negoziazioei ekiteko eskatu dio sindikatuak Administrazioari. 65.000 langile publiko daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.