ekoNOMIA

Funtzionarioei ekainetik soldata %5 murriztuko die Zapaterok, eta haur jaioberrien diru laguntza kenduko du 2011tik

Espainiako gobernuburuak neurriak iragarri ditu gaur, defizit publikoa %11,2tik 2013rako %3ra jaisteko helburuarekin. Hurrengo urtean pentsioak ez dituztela igoko ere jakinarazi du. Europako Batasuneko herrialdeen presioa izan du.

2010eko maiatzaren 12a
17:08
Entzun
Espainiako Estatuko defizit publikoa %11,2tik -iazko abendu amaierako datua da- 2013rako %3ra jaisteko asmoz neurri gogorrak iragarri ditu gaur goizean Kongresuan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak eta, esaterako, Espainiako administrazioko funtzionarioen soldata gutxienez %5 murriztuko du ekainetik aurrera -jaitsiera soldatekiko proportzionala izango da, gobernuko kideen kasuan %15era heldu arte-, soldatok 2011n izoztu egingo ditu eta haur jaioberria izateagatik familiek jasotzen duten 2.500 euroko laguntzarik ez da izango datorren urtarrilaren 1etik aurrera -hego euskal herritarrek Espainiako Gobernutik jasotzen dute diru hori-.

2011n pentsioak ez dituztela igoko ere jakinarazi du Zapaterok -pentsio minimoen eta zergak ordaindu ezin dituzten lagunen kasuetan izan ezik-. Beste neurri batzuk: Espainiako Estatuko erkidegoetatik eta erakunde lokaletatik aurreikusi baino 1.200 milioi euro gehiago aurrezteko asmoa agertu du, munduko herrialde txiroetara bideratutako laguntza aurten eta hurrengoan 600 milioi eurotan murriztuko dute, inbertsio publikoa aurten eta hurrengoan 6.045 milioi eurotan jaitsiko dute, medikamenduen kontsumo "eraginkorragoa" lortzeko kontrol neurriak ezarriko dituzte...

"Neurri hauek hartu izana berezia da eta ezohikoa. Oraintxe hartu behar dira preseski, berreskuratze ekonomikoaren zantzuak ikusten ari garela", esan du gobernuburuak. Halaber, agertu du Espainian lan erreforma egingo dela espero duela, eta enpresaburuen elkarteei eta sindikatuei ahalegin berezia egiteko eskatu die.

Neurri horiek ostiralean onartuko ditu Espainiako Ministroen Kontseiluak, eta ondoren jarriko dituzte martxan.

Europako Batasunaren presioa

Europako Batasuneko herrialdeek behartuta, Espainiak eta Portugalek beren defizit publikoa gehiago murriztea onartu zuten herenegun Bruselako bileran. Espainiak %1,5 gehiago aurten eta datorren urtean baina, gobernuak neurriak hartu dituen arren, Elena Salgado Ekonomia eta Finantza ministroak esan du autonomia erkidegoak funtsezkoak izango direla.

Europako Batzordeak hobetu egin nahi du euroguneko herrialdeen politika ekonomikoen koordinazioa eta kontrola. Itunaren arabera, herrialdeek %3 baino defizit txikiagoari eutsi behar diote, baina gaur egun handiagoa dute Europako Batasuneko 27 herrialdeetatik 20k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.