aparteko pagak

Funtzionarioen 2013ko aparteko pagak urtarrilera eta uztailera aurreratzea onartu du Jaurlaritzak

Gobernu berriaren lege proiektua Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak eztabaidatu eta onartu beharko du, abenduaren 28an. Jaurlaritzak diru kontuak nola dauden jakiteko azterketa bat egingo du.

2012ko abenduaren 24a
20:39
Entzun

Eusko Jaurlaritzak bere menpe dauden 67.000 funtzionarioen 2013. urteko aparteko ordainsariei buruzko lege proiektua onartu du, eta "ahalik eta lasterren" bidaliko du Eusko Legebiltzarrera, langile publikoek urtarrilaren eta uztailaren hasieran jaso ditzaten paga horiek, datorren urteko aurrekontuen kontura. Normalean udaran eta eguberrietan jasotzen dituzte aparteko ordainsariak.

Langileok aurten, ordea, eguberrietako aparteko pagarik gabe geratu dira, aurreko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren erabaki bati aurre egin eta ordaindu egin nahi zuen arren. Auzitegi Konstituzionalaren agindu batek atzera bota du aurreko Jaurlaritzaren asmoa.

Asteazkenean Eusko Legebiltzarreko Mahaitik eta Bozeramaileen Batzordetik igaro ondoren, osoko bilkurak eztabaidatu eta onartu beharko du, abenduaren 28an.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi du legeak artikulu bat baino ez duela; funtzionariek aparteko ordainsariak nola jasotzen dituzten aldatzen duena, alegia. Horrela, Gobernu Kontseiluaren bilerak onartutako testuaren arabera, iraunkorrak zein aldi baterakoak diren funtzionario publikoek urtarrilaren eta uztailaren lehenengo egunetan jasoko dituzte 2013ko aparteko ordainsariak.

Diru kontuen azterketa

Erkorekak jakinarazi du Jaurlaritzaren diru kontuak nola dauden jakiteko azterketa bat egingo dutela, kanpoko enpresa bati aginduta. "Zorraren egoera eta agindutako gastuak" zein diren ezagutu nahi dituzte.

EAEko erakunde publikoetako 2013ko aurrekontuak onartzeko "arduraz" jokatzeko eskatu du Jaurlaritzako bozeramaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.