Gamesari merezi izan dio Siemensekin egindako fusioak? Galdera zuzenari emandako erantzunarekin Gamesaren egungo egoera are okerragoa izan zitekeela aditzera eman du Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren garapeneko sailburuak, gaur, Bilbon. "Gamesa bakarrik gelditu izan balitz nola legoke galdetu beharko litzateke agian". Edonola ere, bategiteak merezi zuen ala ez akziodunei erantzutea dagokiela argitu du Tapiak.
Bilboko Nueva Economía Forumen esan duenez, Gamesa orain "askoz handiagoa da, lehiakorragoa eta merkatuan garrantzi gehiago dauka". Fusiorik gabe, gaur egungo egoera berean egon zitekeela esan du sailburuak, "edo askoz ere okerrago". Aurreko urtean Indiako merkatuan egon diren arazoak, eta mundu mailan ere merkatu eolikoak izan duen geldialdia gogoratu du Tapiak.
Argindarra
Bestalde, Espainiako Energia ministro Alvaro Nadalek "merkatuari ziurgabetasuna emateko duen trebetasuna" aipatu du Tapiak sailburuak, ironia argiarekin. Euskal enpresek pairatzen duten argindarraren esparruko desabantaila arintzeko "herrialde itun bat" proposatu dio Espainairi. Jaurlaritzak “premiazkoak diren” ekimenetarako “akordio zabalak” bilatzeko borondatea duela esan du.
Arantxa Tapiarentzat beharrezkoa da energia politikari “irmotasunez eta zalantzarik gabe” ekitea. “Energia politikaren inguruko herrialde-itun bat behar dugu, interesei eta egokitasunari lotutako arrazoi politiko edo populistengatik Euskadin gauzatu ezin izan diren ekimenak gauza daitezen", adierazi du Tapia sailburuak. Madrilekin egindako argindarraren inguruko akordioari erreparatu dio zuzenean, alegia; horren arabera, euskal enpresek 50 milioi euro aurrezteko abantaila lukete, ordaintzen duten tarifa berezia merkatzeagatik. Baina akordio hori ez du bete Espainiako Gobernuak, aurrekontu orokorrak onartu gabe ezin delakoan egin.
Argindarraren prezio garestienak pagatu arren, euskal ekonomiaren martxa ona nabarmendu du Tapiak, fokoa industrian jarrita. Industria hazi egin da laugarren urtez jarraian. Eusko Jaurlaritzak "industriaren alde egindako apustua" berretsi du, eta dei egin dio Espainiako Gobernuari eta, zehazki, berriki izendatu duten Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko ministro Román Escolanori Espainiako Estatatu osoko industria politika “lehentasunezko eta lehen mailako gaitzat” har dezan.
Altzairuaren muga zergak
AEBetako presidente Donald Trumpek iragarritako neurri protekzionistei dagokienez, adierazi du Jaurlaritza Bruselarekin koordinatuta dagoela, eta Brusela negoziatzen ari dela. Gainera, Euskadi Siderex altzairuaren euskal klusterrarekin harremanetan dago "etengabe". Era berean, azaldu du euskal industria eraginpean hartuko duten neurriak zehazten ari direla.