Futbolariak paseilloan

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Toreroen gisako paseilloa egin zuten futbolariek Bilbon; lasai ederrean. San Isidro ospatu zuten Madrilen; jai giroan. Ezin harritu, beraz, Ibex-35 (-%0,06) lau-lau mugitu bazen, 1.878 milioiren salerosketa apalarekin. Tentsiorik ez, zer ospatu handirik ez, berri makro gutxi eta Wall Street ere, gorabehera handirik gabe. Astea %4,5 galtzen amaitu ostean, gure indizeentzat egun aspergarria izan zela pentsatuko duenik egongo da. Baina, paseilloan baino, korrika txikian pasatu ziren atzo Indra (+%6,09), Gamesa (+%5,25) nahiz %3na pasa irabazi zuten Acciona eta ArcelorMittal. Telecincoren (-%3,51) motelaldira iritsi gabe, Santander(-%1,02) eta Edurnezuri (-%0,68) erraldoien estropezuak nabarmen uzten du txikien ekarpenak eutsi ziola atzo gure indizeari. BBVA (=) nahiz Iberdrola (=) begirale huts zirenez, Petronorren jabe Repsol-YPF (+%0,95) eta Gas Natural (+%2,25) izan ziren erritmo pittin bat jarri zuten handi bakarrak.



KPI. Historiko edozeri deitzen diogun garaiotan, zer pentsa ematen du AEBetako KPI urtearteko tasan -%0,7an egoteak (azken 54 urteetako mailarik baxuena) edota Euroguneko BPGa hiruhilekoan %2,5 uzkurtzeak; %4,5 urte arteko tasan.



Azkoyen. Nafarroako Azkoyen (+%3,99) banaketa makinagileak 0,5 milioiko galerak plazaratu ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, iaz epe berean 1,8 milioi irabazi ostean. Alemaniko Primion Technologyren %76 bereganatzeari ez dio oraindik etekinik atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.