Bizkaiko metalgintza

FVEM: «Sindikatuek maiatzaren 10eko plataforma alboratu zutelako izan da posible ituna»

Bizkaiko metalgintzako akordio giroa beste arlo eta lurralde batzuetara zabaltzea nahiko luke patronalak.

Sindikatuek antolaturiko manifestazio bat, FVEMen egoitzaren arrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko abenduaren 4a
13:17
Entzun

«18 urteren ondoren mugarri bat izatea nahiko genuke. Bizkaiko metalgintzan ikusi dugu sindikatu eta enpresariak akordioak lortzeko gai garela, eta beste arlo eta lurralde batzuetara zabaltzea nahiko genuke». Jose Luis Lopez Gil FVEM metalgintzako enpresen Bizkaiko Federazioko presidenteak txalotu egin du sektoreko lan hitzarmena berritzeko akordioa, CCOO, LAB eta UGT sindikatuekin lorturikoa. “Akordio ona da, bai enpresarientzat eta bai langileentzat, eta oso garrantzitsua lurraldearentzat ere”.

Enpresarien buruak nabarmendu duenez, akordioa posible izan da sindikatuek alboratu egin dutelako maiatzaren 10ean eraturiko plataforma «onartezina». «Horrek jarrerak gerturatzea ahalbidetu du, eta, horretarako, beharrezkoa da gauza batzuei uko egitea, negoziatzea...”. Alde horretatik, enpresari batzuek «intimidazioa» jasan izana gaitzetsi du.

ELA sindikatuak ez du sinatu akordioa, eta FVEMeko buruak argi utzi nahi izan du berak nahiago lukeela ELAk ere sinatu izan balu, baina ez dela ezer berria, 1994az geroztik ez baitu sinatu. Hala, ELAk eginiko salaketari erantzun dio. Sindikatuak CCOO, LAB eta UGTrekin Lan Harremanen Kontseilutik kanpo bildu izana egotzi zioten. FVEMek ez ditu ukatu, baina zehaztu du sindikatu “guztiekin” izan zituztela harremanak, “baita ELArekin ere”. Harreman horiek udan izan ziren, aurten eginiko bost eguneko grebaren ondoren.

Enpresarien buruak lan hitzarmeneko hainbat arlo aztertu ditu, eta, besteak beste, mugikortasuna eta ABLEn erabilerari mugarik ez jartzearen garrantzia nabarmendu du, “gure enpresariek eginiko eskaera bat izan zelako”. Era berean, azaldu du soldatak eguneratu egin direla, %3,7 igoz, baina ez direla atzerapenak ordainduko. «Eguneratu bai, ordaindu ez», argitu du Lopez Gilek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.