G20ko taldeak zilegitasunik ez duela salatuko dute hainbat taldek Nizan

Ezkerreko Fronteak eta Bizi! eta Attac taldeek Euskal Herritik protestaldira joateko deia egin dute

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
«G20ko taldeak ez du zilegitasunik: haiek hogei dira; gu ehunka mila gara». Horra zer dioten Bizi!, Attac eta Ezkerreko Fronteak, munduko hogei estatu boteretsuenek Cannesen (Frantzia) azaroaren hastapenean egingo duten goi bileraren karietara. Cannestik oso hurbil bilduko dira, Nizan, kontrako goi bileran parte hartuko dutenak, haietako batzuk Euskal Herritik abiatuta.

Mobilizazioan parte hartzeko arrazoiak aurkeztu zituzten atzo, Baionan egindako prentsaurreko batean. Altermundialisten ideiak hedatuz doazela uste du Jean Noel Etxeberri Txetx Bizi! mugimenduko kideak. Tobin zergaren adibidea harturik, gaur egun finantza operazioak zergapetzea aipatzen dela zehaztu zuen. Hori dela eta, nahiz maiz ezintasunaren sentimendua nagusitu, mobilizazioak merezi duela uste du.

Krisiei begira, erantzunik ez

Krisi ekonomiko, finantzario, ekologiko eta sozialei begira, hogei estatu aberatsenen hitzorduak ez dakar erantzunik, Eliane Pibouleau Blain Attac elkarteko kidearen ustez. Klima aldaketaren arazoa «oso larria» izanik ere, goi bileran aipatu gabe geldituko dela salatu zuen Etxeberrik.

Urriaren 31n abiatuko dira autobusak, 20:00etan, Irundik, eta Donibane Lohizunen eta Baionan geldituko dira. Manifestazioan eta gaueko kontzertuetan egon ondoren, azaroaren 2ko goizerako itzuliko dira Euskal Herrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.