Arriskutsuak dira itzulpen automatikoak, Kultura Sailetik at ere bai. Burtsan, energia berriztagarriak bolo-bolo dabiltzan arren, Renovablesek (+%3,87) ezin izan ditu bere mozkinak «berritu» (errepikatu, mantendu) eta aurrekoan baino %10 gutxiago irabazi zuen iaz. Bankuen aktibo toxikoek bankuak modu aktiboan toxikotzat jotzea dakar aldian-aldian, eta Geithnerrek AEBetakoez nahikoa kapital dutela esan arren, Espainiako Caja Sur kutxarena zabor zortzat jo du, oraingoan, Fitch rating agentziak, Popularrena (-2,72) jaisteaz bat. Kutxa Hegori kutxak hegan egin balio lez irakurri dute eta Banku Jendetsua adreilutik lar gertu somatuta edo. 2.869 milioiren salerosketa izan zen eta Edurnezurik nahiz bi banku handienek %2na pasa galduta, ez dago «Ibex-35 ondo dabil» esateko aingeru goardakorik. Sakatu-Acciona (+%1,72) eta Iberdrolan (+%0,35) aginte makila lortu nahian dabilen Horrekegitendu-ACS ere portatu ziren. Baina un poco da asko.
Peugeot. Dibidendurik ez banatzea erabaki du Peugeotek (+%0,92) 2008ko ekitaldiaren ostean. Produktu berriak garatzen erabiliko ditu mozkinak. BBVAk (-%2,42) azken dibidenduarekin antzera egin zuen: dirua banatu ordez, akzio berriak banatu.
General Motors.Bankuekin aplikatu ohi den too big to fail edo «porrot egiteko handiegia» printzipioak, zenbait enpresa industrialentzat ere balio duela dirudi. General Motorsi 5.000 milioiren mailegu gehigarriak emango dizkio AEBetako Altxorrak.
Gabilondo aingeruarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu