Fakturazioan bezala enpleguan ere hazkunde betean dira Gaia klusterreko euskal enpresek. Eraldaketa digitalerako erreferentzia da sektorea, eta 2018. urtea laugarrena jarraian izan da goranzko bidean. Gaiako 254 enpresen jarduerak EAEko BPGaren %7 dakar. Enpresek 5.171 milioi euroko negozio-bolumena sortu dute 2018an, aurreko urtean baino % 4,3 gehiago, eta 2019rako antzeko emaitzak aurreikusten dira.
Enpresen jardueraren balio erantsi altuak ahalbidetzen du fakturazioaren % 42 nazioarteko merkatuetatik etortzea. Izan ere, % 5,8 igo da atzerritik iristen den ekarpena, eta ontzat jo dute klusterreko arduradunek "merkatu askoren ziurgabetasuna kontutan hartuz".
Gaur egun, Gaiako enpresek 20.030 langile enplegatzen dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko ekitaldian baino % 3,9 gehiago. Enpleguaren hazkundeko ondoz ondoko laugarren urtea izan da, era berean; 754 pertsona gehiago kontratatu dira. Hala eta guztiz ere, "soslai profesionalen eskasia kezkagarria" dela dio klusterrak, aurreko urteetako oharra errepikatuz. "Enpresek ezin dituzte bere profesionalen behar guztiak bete, batez ere software gaitasunekin lotutakoak".
Batzar Nagusia, bihar
Gaur goizean, Gaiako arduradunek 2018ko emaitzak eta 2019ko aurreikuspenak aurkeztu dituzte, eta Batzar Nagusian egingo dute bihar, Orona Ideon, Hernanin (Gipuzkoa). Azken lau ekitaldietan hazkunde iraunkorra izan ondoren, sektoreko enpresek berretsi dute une onean daudela, eta lehiakortasuna sendotzeko deia egiten dute. Jose Etxezarra presidenteak esan du klusterreko industriak “funtsezkoak" direla "Euskadiko lehiakortasun-ekosisteman", eta aspaldian hasi zirela bizitzen ari diren unerako.
Etxezarragak azaldu du Gaiako enpresak izan direla lehenak teknologia esponentzialak ezartzen. Adimen artifiziala, zibersegurtasuna, Big Data, interoperatibotasuna, eta abar "funtsezkoak dira ekonomia berrirako" , esan du. Eraldaketa digitala mundu osoan hazkunde-ardatz berriak sortzeko aukera eman duela erantsi du; "eta Euskadi horien artean kokatzeko apustua egin dezake eragile pribatu eta publikoek elkarrekin egindako lanari esker". Gaiako presidenteak uste du euren sektorea "etorkizuna eraikitzeko beharrezkoak diren ezagutza eta teknologiak" lantzen dituela, eta aparteko lehiakortasuna ekar dezaketela ; "balio hori eskaintzen diegu enpresa eta instituzioei. Sektorea prest dago, eta baita herrialdea ere. Posible bihurtzeko unea da”.