Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, Gaindegiak, Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikoari buruzko 2007 txostena aurkeztu du gaur, Donostian. Lehen aldiz kaleratu du txostena liburu formatuan, eta hemendik aurrera urtero kaleratzea du helburu.
Xabier Isasi Gaindegiko zuzendariaren arabera, “Euskal Herria zertan den azaltzea” da lan horren helburua, eta “bera definitzen duten datu, adierazle eta gai esanguratsuak zeintzuk diren” jakinaraztea. Gaindegia “ekonomia eta jendarteari buruzko datu eta informazio gehien biltzen duen erakundeetako bat” dela adierazi du Isasik, betiere Euskal Herriari dagokionez.
Pixkanaka bildutako indize eta adierazleez osatuta dago txostena, eta sei atal nagusitan banatuta dago: Euskal Herria 2007ko adierazleetan, ‘Zifratan gakoa’, adituen analisiak, urteko ikerketak, prentsan jasotakoa eta eragile sozio-ekonomikoen oinarrizko gida.
Datu horien artean, Euskal Herriko Barne Produktu Gordinari (BPG) buruzko datuak, ikerketa eta garapenean egiten den gastua, errenta eta emakumezkoen enplegu-tasa ageri dira, besteak beste.
Gaindegiak Euskal Herri osoari buruzko “oso informazio gutxi” dagoela ondorioztatu du lana burutu ostean. Hala ere, lurraldeen artean “elementu eta ezaugarri komunak ezberdintasunak baino gehiago” direla azaldu du, eta horien arteko “loturak areagotzeko joerak” ere badaudela.
Ekonomia
Gaindegiak Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikoari buruzko 2007ko txostena argitaratu du lehen aldiz liburu formatuan
Urtero kaleratuko dute liburua, “Euskal Herria zertan den” jakinaraztea helburu dutela. Gaindegia euskal ekonomia eta gizarteari buruzko “datu eta informazio gehien” jasotzen duen erakundea dela adierazi du Xabier Isasi erakundeko lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu