Espainiako Gobernuak aurreikusi du onartu berri duten legearekin 300 milioi euro aurreztuko dituztela. Mutualitateek gaixoaldiaren lehen egunetik kontrolatu ahal izango dute Hego Euskal Herrian –orain arte, hamaseigarren egunetik aurrera soilik egin zezaketen–, eta nahi izanez gero senda agiria ematea proposatu ahal izango dute.
Fatima Bañez Espainiako Osasun ministroak azpimarratu nahi izan du senda agiria mediku batek emango duela edozein kasutan.
Gainera, orain arte astero ematen zen gaixoaldiaren agiria, baina orain aldatu egingo da hori, eta lau multzo bereiziko dira: gaixoaldi oso motzak, motzak, luzeak eta oso luzeak. Multzo bakoitzean maiztasun jakin bat ezarriko da agiria aurkezteko.
Esate baterako, gaixoaldia bost egunekoa denean, gaixoaldi eta senda agiriak medikuaren bisita berean jaso ahal izango dira; bost eta 30 egun bitartekoa bada, gaixoaldi agiria bi astean behin aurkeztu beharko da; 31 eta 60 egun bitartekoa bada, 28 egunean behin; eta, azkenik, 61 egun baino gehiagoko gaixoaldia bada, 35 egunean behin.