Fagor Etxetresnen geroan eragin nahi du Eusko Jaurlaritzak, baina Mondragon taldea da dirua jarri nahi ez duena, Joseba Egibar EAJko GBBren presidenteak gogoan izan duenez: "Ez du euro gehiagorik jarriko". Euskadi irratian aritu da goizean, legebiltzarrean ordezkaritza duten UPD ez beste alderdi guztietalko ordezkariekin, eta Fagorren itxieraren aurrean legebiltzarrean dauden iritzien marrazkia egin dute: EAJk, EH BIlduk eta PSE-EEk kooperatibismoaren aldeko mezua eman dute, baina ez dira gauzak ongi egin. Etorkizunari begira egin behar denak, ordea, ez du halako kontsentsurik.
Jaurlaritzari orain "langileen ondoan egotea eta haiei laguntzea" egokitzen zaiola uste du Egibarrek "ahalik eta lanpostu gutxien" galtzeko, eta etorkizuna "sendoa" izan dezaten. Mondragon taldeak eta Fagor Etxetresnek ez dituzte gauzak "behar bezala" egin, eta egin dutena "gaizki komunikatu" dute gainera, baina "kooperatibismoaren aldeko apustua" berretsi du Egibarrek.
Oskar Matute EH Bllduko legebiltzarkideak "askoz gehiago" egin daitekeela eta egin behar dela uste du, eta Jaurlaritzak, Kutxabankek eta Kutxak "aldeko jarrera aktiboagoa" izan behar dutela. "Ez zait bidezkoa iruditzen esatea ezin dela diru gehiago jarri, bankuan milioika milako jarri direnean".
Txarli Prieto PSE-EEko ordezkariak salatu du Mondragon taldeko eta Faron Etxetresnetako zuzendaritzek ez dietela bazkideei "behar bezala informatu", eta horrek erakusten duela kideen eta zuzendaritzaren artean dagoen "alde izugarria" "idilikoa" zirudien ekonomia sozialarem munduan. Dena den, kooperatibismoa "garrantzitsua eta beharrezkoa" da Prietorentzat.
Carmelo Barrio PPren ordezkariarentzat Fagorrek, Mondragonek eta Jaurlaritzak gertatu denaren "giltzen gaineko azalpenak" eman behar dituzte legebiltzarrean.