ELA oso kritikoa da Bilduk erakundeetan duen jokabidearekin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiekin eta erabakiak hartzeko moduekin batez ere.
Harrigarria da ELAk bere aldetik gehiengo sindikala hautsitzat jotzea komunikabideen bitartez.
Ez da egia LABek berria elkarrizketaren bidez jakin duela. Aspalditik daki gure iritzia. Kutxabankena gertatu eta gero onartu zuen ezin genuela aurrera egin.
LABek onartu du gauzak ez zeudela ondo, baina ez zegoela hausturarik.
Aspalditik esandakoak baino ez ditugu esan orain ere. Egoera honetaz ere hitz egin dugu elkarrekin, eta, zoritxarrez, gertatu da. Okerrena da gehiengo sindikala ez dela ari lanean, klase ikuspegitik, lehen egiten zuen moduan.
LABentzat mingarriena da zuk esatea gehiengo sindikala ez dela posible.
ELAk esaten du iaz egin genezakeena orain ezin dugula egin. Eragile politiko berri bat azaldu da jokalekuan, eta erabakiak hartzen ditu. Gure galdera da: kontuak eskatu behar al dizkiogu Bilduri? Bai. Baina gehiengo sindikalaren barruan ez da posible Bilduri kontuak eskatzea, gainerako alderdi eta erakunde guztiei egiten diegun moduan. Beraz, gehiengo sindikalak ezin zuen lehen bezala lan egin. Guk ez dugu onartuko esparru politikoak kritikatik kanpo egotea.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin minduta zaudetela dirudi.
Alde batetik, onartu duena dago: Kutxabanken alde egitea, zerga aldaketa eskasak, aurrekontuak... Bestetik, parte hartzerik gabe eta gu aintzat hartu gabe egin duela guztia. Deitu diegunean ez digute telefonoa hartu.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hilabeteak behar izan zituen gurekin biltzeko, eta bildu zenerako zerga aldaketa erabaki zuen. Gainera, ez zigun planteamendu berririk egin zerga iruzurrari aurre egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiarekin [EAJ] ez gara bildu, baina EAJren jarrera koherentea da, ez baitigu kasurik egiten.
Ez al duzue pazientzia gutxi izan Bildurekin? Oraintxe iritsi da erakundeetara, eta Gipuzkoan ez dauka gehiengo osorik.
Bildu erakundeetan dago, boterean. Eskubide guztia du. Galdera da ea erakundeetan sartu den uzten diotena kudeatzeko edo gizartea eraldatzeko. Galdera da ea boterean dagoenean zer-nolako harremana izango duen erakundetik kanpoko eragileekin. Benetan ezkerreko jarrera bat izan nahi baduzu, dialektika bat izan behar duzu erakundetik kanpokoekin. Oposizioan erraza da gehiengo sindikala txalotzea.
Ez da pazientzia kontua. Edukiak eta prozedura lotzea oso arriskutsua da. Erabaki eta jarrera askok erakusten dute zer eginnahi duen. Esperientziak erakusten baitigu ezkerra boterera iristen denean lehen urtean egiten ez duena ez duela egiten hurrengoetan. Bilduk gehiengo arazoak izango ditu hurrengo urtean ere.
Ezker abertzaleak gehiengo sindikala amortizatutzat jo duela diozu.
Benetan hala sinesten dut.
LABek ez al dauka autonomiarik ezker abertzalearekiko?
Guk ekintzak epaitzen ditugu. Atentzioa eman digu LABek aldatu egin dituela lantzen ari ginen erreferentziak. LABek, esaterako, hainbat arazo konpontzeko akordio bat proposatu du erakundeen, alderdien, patronalaren eta sindikatuen artean. Ez dago baldintzarik horretarako, ezinezkoa da. Ez da posible halako akordio bat gure arazoak konpontzeko. Klase izaera aintzat hartzen ez duen proposamena da. Eta ez da kasualitatea hori orain gertatzea, Bildu erakundeetara iritsi denean. Guk ez dugu planteatzen mobilizazioan oinarritzen ez den alternatibarik.
ELA eta LAB bereizten zituen faktore garrantzitsu bat desagertu da, ETAk behin betiko su-etena iragarri baitzuen. Ideologikoki gertu dituzuen ezkerreko alderdi abertzaleak elkarrekin ari dira lanean. Eta gehiengo sindikala hautsita?
Ez dauka zerikusirik, eremu ezberdinak dira. Alde batean, alderdien eta hauteskundeen eremua dago; bestean, sindikala eta soziala. Gogoratzea merezi du, esaterako, EAk, Jaurlaritzan egon zenean, Hobetuz suntsitu zigula eta neurrira egindako tresnak jarri zituela CCOOren eta UGTren esku. Politikak ez du sinesten ekintza sindikalean eta sozialean. Guztiaren nahasketa interesatua egiten du.
Zein da ELAren lekua nazio eraikuntzan?
Egin dezakegun ekarpen nagusia arlo sindikala eta soziala babestea da. Langileez arduratzea. Gu arduratzen ez bagara, klase sindikatu abertzaleok arduratzen ez bagara, beste inork ez dio ekarpen hori egingo nazio eraikuntzari. Politikak eskaera sozialak oso azkar eta erraz erlatibizatzen ditu, atzeratzen ditu, guztia nahasten du. Guk, ez. Herri honetan klase borroka egon da, klase borroka dago eta klase borroka egongo da, baita Euskal Herria burujabea denean ere. Langileek ezin dute itxaron.
ELAk klase borrokara mugatu behar al du?
Ez, ELA prest dago burujabetza prozesuan abertzaleen artean gutxieneko batzuk hitzartzeko. ELA hor egongo da.
Momentu honetan ez al daude horretarako baldintzak?
Ez, alderdiak batez ere hauteskunde esparrua lantzen ari direlako, horri lehentasun guztia ematen diotelako. Bidezkoa da, baina ez da nahikoa abertzaleok dauzkagun erronkei aurre egiteko.
«Galdera da ea Bilduk ze harreman nahi duen erakundeetatik at gaudenokin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu