Ez da giro munduko burtsetan, Wall Streetek izan duen eroriko sonatuaren ondoren. Dow Jones Industrialak ez du sekula izan gaur izandako porrotaren parekorik: %4,6 galdu du, eta itxiera baino zertxobait lehenago kopurua apaintzea lortu du, aurretik galera handiagoa baitzuen pilatua. S&P 500 indizeak %4,1 galdu du; eta Nasdaqek, %3,8.
Etxe Zuriak merkatuak baretu nahi izan ditu, eta Sarah Huckabee bozeramaileak, beste behin, Donald Trump presidentearen politiken bertuteak azaldu dizkio prentsari. "Presidentea epe luzeko oinarri ekonomikoei begira ari da, eta oinarri horiek sendoak dira", esan du.
AEBetako presidenteak paparra atera du sarritan burtsak aspaldi honetan erakutsi dituen zenbakiak direla eta. Bere politika ekonomikoek eragindako igoerak izan direla esan du Trumpek. Bada, Wall Streeten jaitsiera historikoa ere luze gabe azaldu beharko duela aurreikus daiteke.
Asia eta Europa
Wall Streetek berarekin eraman ditu beherantz munduko beste plaza garrantzitsu batzuk. Tokion, %4,73 galdu du Nikkei indizeak. Europan ere negatiboan hasi dira, eroriko handiekin, eta jadanik %3,3 galtzen ari da Frankfurt. Londres ere gain behera doa, %3,4ko jaitsierarekin. Galera bera pilatu dute ja Amsterdamek, Parisek eta Milanek. Madrilen ere %2tik gorako jaitsiera izaten ari da Ibex 35.