Galera ekonomikoak izan dituztela frogatzen duten enpresek errazago izango dute langileak botatzea. Gizarte elkarrizketaren barruan CEOE patronalak defendatu duen tesia lan erreforman bere egingo du Espainiako Gobernuak. Funtsean, konpainiek irabazirik ez duten garaietan egiten dituzten kaleratzeak objektibo bihurtzeko prest dago Espainiako Lan Ministerioa, lege ikuspuntu batetik. Horrek trukean ordaindu beharreko kalte-ordainak nabarmen jaitsiko lituzke.
Gaur egun kaleratze bat objektiboa izateko bete behar dituen baldintzak gehiago zehaztuko lituzke moldaketak. Orain arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo produkziokoak argudiatzea posible du enpresak. Auzitegiek arrazoia emanez gero, hogei lan eguneko kalte-ordaina eskuratuko du kalera doan beharginak, eta, asko jota, hamabi hilabeteko soldata izango da. Galerak edukitzea arrazoi horietako bat izateko urratsa egingo du lan merkatuaren erreformak.
Kaleratzeko arrazoiak zabaltzea patronalaren aldarria izan da gizarte elkarrizketa hasi zenetik. Praktikan, auzitegiek kasu gehienetan - hamarretik zortzi, CEOEren arabera - kaleratzea bidegabetzat jotzen dutela argudiatu du, eta horrek kostua handitzen du. Kontratu mugagabea duten langileentzat, izaeraren arabera, 33 edo 45 laneguneko ordaina du kaleratze bidegabe batek. Negoziazioetan aritu diren sindikatuak, UGTk eta CCOOk, hori aldatzea errefusatu dute.
Enpresak frogatu beharko ditu galera horiek behin-behinekoak baino gehiago direla. Galeren iraupenak zenbatekoa izan behar duen ez dago zehaztuta oraingoz.
Celestino Corbacho Espainiako Lan Ministroaren ustez, formula horrekin ere auzitegiek izango dute azken hitza kaleratzearen legezkotasunari buruz. «Babes judizial eragingarria bermatuta dago», azaldu zuen atzo, Ministro Kontseiluaren ondotik. Edonola ere, moldaketa oposizioko alderdiekin negoziatuko du.
Ez da lan baldintzen esparruan enpresei ireki nahi zaien ate bakarra. Izan ere, negoziazio kolektiboan hitzartutako edukiak aldaratzeko alde bakarreko erabakiak hartzeko modua emango die lan erreformak. Soldatak, hitzartutako igoerak edo lanaldia berrikustea posible izango du, arrazoi ekonomikoak argudiatuta.
Enpresek bazuten eskumen hori, baina tramiteak nabarmen gutxituko dira, eta, langileak ados ez badaude, azken erabakia gatazka kolektiboen arbitratzeak izango du. Hots, enpresatik kanpoko bitartekari batek bete beharreko laudo batekin epaituko du. Ebazpenaren kontra egonez gero, langileek edo enpresaburuak gizarte arloko auzitegira jotzeko aukera izango dute.
Kontratazio mugagabea sustatzeko kontratua «ahal bezainbeste zabaltzea» izango da orain gobernuaren helburua, Corbachok aurreratu zuenez. Kaleratze ordain txikiagoa duen kontratua da: 33 laneguneko kalte-ordaina du (asko jota, 24 hilabeteko soldata). Ohiko kontratu mugagabeak 45 laneguneko ordaina du, eta 42 hilabeteko soldata, gehienez ere. Kaleratzea bidegabea dela onartuz gero jasotzen diren ordainak dira edozein modutan.
Enpresaburuek kontratu hori erabiltzeko duten erresistentzia gainditzeko asmoz, sortzen diren kalte-ordainen parte bat ordaintzetik libratuko ditu Lan Ministerioak. Hain zuzen ere, urte bakoitzeko zortzi lanegun izango dira, eta dirua soldatak bermatzeko funtsetik (Fogasa) aterako da. Funts hori enpresaburuek ordaintzen dituzten kotizazioen diruarekin elikatzen da.
Austriako sistema, 2012an
Fogasaren erabilera hori ez da behin betikoa izango, eta hor irekiko da lan erreformak etorkizunera begira izan dezakeen aldaketa nagusietako bat: 2012. urtetik aurrera kontratu mugagabea sinatzen duen langile bakoitzari bere izenean funts ekonomiko bat jarriko zaio martxan. Enpresaburuak urtero ekarpen ekonomiko bat egin beharko dio gordailu horri, eta, langilea kalera baldin badoa, diru horrekin osatuko du dagokion kalte-ordaina. Austriak kaleratzea kudeatzeko indarrean duen sisteman oinarrituta dago neurri hori.
Enpresen ekarpena zenbatekoa izango den ez dago zehazturik lege dekretuan. Erretiratzen denean, erabili ez duen dirua jasoko luke langilea, halaber. Kaleratua izateaz aparte, enpresak beste nonbaitera bidaltzen badu, edo formakuntza jarduerak finantzatzeko, diru hori eskura izango du. Urtebete barru funts horren izaera eta funtzionamendua zehaztu beharko ditu gobernuak.
Aldi baterako kontratazioan ere aldaketak ezarri nahi dituzte. Obra edo zerbitzu jakinetarako egiten diren kontratuek, asko jota, bi urte iraungo dute. Hori bai, beste urtebetez luzatzeko aukera egongo da, negoziazio kolektiboaren bidez hala erabakitzen bada. Kaleratze kalte-ordaina ere igoko zaie aldi baterako kontratuei. 2012. urtea arte zortzi egunekoa izango da, orain arte bezala. 2012tik 2014ra bitartean, hamar egunekoa, eta hortik aurrera, hamalau egunekoa.
Kontratazioari ematen zaizkion pizgarriak ere berrikusiko ditu gobernuak. Era berean, krisi garaian lanaldia murriztea baimenduko du (Alemaniako kurzarbeit sistema), eta lan arloko bitartekaritza enpresa pribatuei irekiko die, besteak beste.
PP, CiU edo EAJrekin, posible
Atzo arratsaldean lege dekretuaren proiektua patronalari eta mahaian egon diren sindikatuei jakinarazi zien Lan Ministerioak. Patronalak heldu den astelehen edo asteartean emango du bere iritzia, eta nahiago izan zuen gobernuarekin beste bilerarik ez egitea. CCOOk eta UGTk ere badute edukiaren berri. Orain, nolako erantzuna eman aztertu beharko dute, eta greba orokorrera deituko duten edo ez erabaki.
Bitartean, erreformak Espainiako Kongresuaren tramitea gainditu ahal izateko behar duen babes politikoa ziurtatzea da Zapateroren gobernuak duen lehentasuna. Datorren asteazkenean, hilak 16, onartuko du dekretua, baina astelehenean hasiko ditu bilerak Gorteetan ordezkaritza duten alderdi politikoekin. PP, CiU edo EAJren babesa izatea posible ikusten du gobernuak, oraingoz.
Prozesuan aldaketarik ez badago, Espainiako Kongresuak hilaren 22an eztabaidatu eta bozkatuko du lan erreformaren proposamena.
Galerak dituzten enpresei langileak bidaltzea erraztuko die erreformak
Irabazirik ez badute, kaleratze bakoitzaren truke asko jota hogei eguneko lansaria ordaindu ahalko dute konpainiek. Kaleratze ordaina finantzatzeko eredu berria 2012an abiatu nahi du Madrilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu