Eroski taldearen galeren zati bat bazkide kooperatibistek euren gain hartzeko proposamena egin zuen Kontseilu Errektoreak, eta joan den aste osoan neurri hori onartzeko edo atzera botatzeko bozkatzera deituta zeuden taldeko 8.500 bazkideak. Gaur jakin dira emaitzak: hamarretik zortzik onartu dute proposamena.
Zuzendaritzak azaldu zuenez, proposamena bat dator azken urteotan irabaziak banatzeko erabili den irizpidearekin. Irabaziak egon direnean, %30 bazkideentzat gorde izan da; %10 Eroski Fundaziora bideratu da, eta beste %60a horniduretan gorde da. Galerekin ere irizpide beraz jokatzea nahi du zuzendaritzak. Galeren %30 bazkideek egindako hasierako ekarpenetan eragitea arautzen du proposamenak; beste %70ak enpresaren erretserbetan eragingo luke.
Bazkideek euren gain hartu beharko luketen galeraren zatia bost urtean likidatuko litzatekeen kontu bereizi batera joango litzateke eta, beraz, ez luke eraginik bazkideen kapital sozialean, pilatuz joan zaizkien irabazien kontuan baizik.
Eroskik 121 milioi euroren galerak izan zituen 2012an, aurreko urtean izandako galerak (43 milioi) halako hiru kasik. Dena den, azken bost urteotan 1.200 milioi jaitsi du bere pasiboa, eta zorra berriro finantzatzea lortu du berriki.