46 eguneko grebaren ostean, gaur lanera itzuli dira Trapagarango GAM-Aldaiturriagako 169 langileak. Lana erregulatzeko espedientearen aurkako protestaren ostean, gaur Lortu dugu zioen pankarta bat erakutsi dute.
Langileek azaldu dutenez, "normal-normal" itzuli dira lanera grebaren ostean.
59 langilerentzako erregulazio espediente bat egin nahi zuen garabi enpresak, baina Lakuak lehengo astean arbuiatu zuen. Gaurko pankartak adierazten duen moduan, azkenean, zuzendaritza garaitu dute, eta "lan taldearen zati handi bat kaleratzea eragotzi" dute horrela, sindikatuetako ordezkarien arabera.
Era berean, langile batzordeak jakin nahi du langileek ekaineko soldata noiz jasoko duten eta noiz emango dioten hildako langile baten alargunari maiatzean langileek euren nominatik emandako dirua.
Enpresak azaldu duenez, Aldaiturriagak irailaren 5a arte oporrak eskaini dizkie hartu nahi dituztenei, "erabateko desokupazioaren ondorioz".