Barakaldoko GAM Aldaiturriagak 67 langile kaleratzeko aurkeztutako espedientea baztertzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak. Hori dela eta, langileek orain dela 45 egun hasi zuten greba uztea erabaki dute, eta asteartean lanerako gertu itzuliko dira lantegira. «Erabaki hori ontzat jotzen dugu, baina, beharbada, aurrerantzean tirabira gehiago izango ditugu enpresako zuzendaritzarekin», dio Aitor Marin langile batzordeko kideak. Herenegun eman zuen espedientearen inguruko erabakiaren berriLan Sailak, eta orain GAM Aldaiturriagako zuzendaritzak hilabete izango du helegitea jartzeko.
Langileek oraindik ez dakite zer gertatuko den astearte goizean makineria alokatzen duen enpresa horretako atarira joaten direnean. Horregatik, zuhur hitz egiten du Marinek. «Eusko Jaurlaritzak espedientearen aurkako erabakia hartu izan arren, enpresak agian ez digu enpresan sartzen utziko. Batek daki». Hori dela eta, greba bertan behera utzi duten arren, ez dute baliabide hori berriz erabiltzeko aukera baztertzen.
Langile batzordeak astearte goizean izango du lehen bilera enpresako zuzendaritzarekin. Enpresaren etorkizuna zehazteari buruz eta oraindik ordaindu gabeko soldaten inguruan hitz egingo dutela aurreratu du Marinek. Izan ere, langileek oraindik ez dute ekaineko soldata eta uztaileko gehigarririk jaso.
Makineria, desagertuta
Enpresak asteartean zer esango dien ez jakiteaz gain, enpresan zenbat makina topatuko dituzten ere ez dakite langileek. Azken denboraldian laneko makinak lekuz aldatzen aritu direla salatu du langileen batzordeak. «Langileok greban bagaude, makinak ere greban daudela esan nahi du; horregatik, legez kanpokoa da makinak lekuz aldatzea beste langile batzuek horiekin lan egin dezaten», Marinen hitzetan. GAM Aldaiturriagako langileak grebarako deia egin zuten egunetik, Tarragonan, Huelvan, Castellon, Burgosen eta beste hainbat hiritan euren makinekin lan egin dutela salatu dute langile batzordeko kideek.
Hori nahikoa ez, eta makina batzuk saldu dituztela ere susmatzen dute. «Lana erregulatzeko espedientea aurretik pentsatutako estrategia bat izan zela uste dugu, hitzartutako makinak batetik bestera mugitzeko aukera izango zutelako gu greban egon garen 45 egun hauetan». Espedientea aurkeztu baino lehenago, Barakaldoko lantegian hainbat pertsona makina batzuei argazkiak ateratzen ikusi zituzten langileek, eta susmagarria iruditzen zaie hori guztia.
Langileen ustez, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak espedientea atzera botatzeko erabakia hartzekon ezinbestekoak izan dira makinak desagertu izana eta aurtengo urteko lehen hilabeteetan aparteko 20.000 lanordu egin izana. Komunikabideetan izan duten presentzia ere garrantzitsua izan da Marinentzat, presio egiteko balio izan duelako horrek. Baina kalte ere egin die, aldi berean. «Gure sektorean bezeroak berreskuratzea oso zaila da, eta konpetentziako enpresak azkarrak izan badira, bezero horiek guztiak euren kargu hartuko zituzten», azaldu du kalte hori azaltzeko. Gre- ban dagoen enpresa batek bezeroen artean irudi eta publizitate txarra sortzen duela ere jakitun da Marin, baina egoera berriz okertuko balitz beste greba bat egiteko prest daudela gogorarazi du.
GAMeko langileak kezkatuta daude, enpresak zer erantzun emango
Lan Sailak atzera bota du 67 langile botatzeko dosierra; greba amaitu eta asteartean lanera itzuliko dira beharginak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu