CCOOko industria federazioak jakinarazi du Gamesak 164 langile kaleratzeko intentzioa duela eta kaleratze horietako gehienak Hego Euskal Herrian egingo dituela, Nafarroan hogeitik gora.
Sindikatu horren esanetan, kaleratzeek, batez ere, bulegoetako langileei eragingo diete, eta gehienak modu traumatikoan egingo ditu, alegia, zuzeneko kaleratzeen bidez eta legeak agintzen duen gutxieneko kalte-ordaina pagatuta —lan egindako urte bakoitzeko hogei eguneko ordaina, hamabi hilabeteko gehienezko mugarekin—. Kaleratzeek taldeko hainbat enpresa eta lan zentro askotako beharginei eragingo diete. Horrek bidea erraztuko dio zuzendaritzari, lan erregulazio bat aurkeztu beharrean, banakako kaleratzeen bidez bota ahal izango dituelako sobera dituen langileak. Eta ez hori bakarrik. Erregulaziorik aurkeztuko ez duenez, zuzendaritzak ez du sindikatuekin ezer negoziatzeko betebeharrik izango. Hala, ez du kaleratzeen ondorioak samurtzeko inolako presiorik jasango.
CCOOren ustetan, zuzendaritzaren maniobra «ondo pentsatutako iruzur bat besterik ez da», bere asmoak inolako oztoporik gabe gauzatu ahal izateko. Sozietate egitura konplexua eta lan zentro ugari izan arren, Gamesa korporazio bat eta bakarra dela nabarmendu du sindikatuak, administrazio kontseilu bakar batek gidatzen duen taldea dela. «Negoziazioa saihesteko legeak dituen zirrikituak baliatu izanak erakusten du ezkutuko eta isilpeko jokatzeko modua duela, tamaina horretako konpainia bati ez dagokion jokabidea».
CCOOren arabera, kaleratze gehienak —164tik 141— traumatikoak izango dira, zuzendaritzak 23 langilerentzat bakarrik eskaini dituelako bestelako irtenbideak. Kasu horietan, taldeko beste lan zentro edo enpresaren batean hasteko aukera, borondatez lana uztekoa edo erretiro aurreratua hartzekoa eskainiko lieke langileei.
«Isilpeko erregulazioak», batez ere, taldeak Hego Euskal Herrian dituen lantegietako langileei eragingo diela jakinarazi du CCOOk. Baina egiturazko lan taldea murrizteko estrategiaren ondorioak urrunago ere iritsiko dira, Galizian eta Espainiako hainbat erkidegotara —Madril, Gaztela eta Leon eta Andaluzia—, hain zuzen.
Kaleratzeak justifikatzeko, Espainiako Gobernuak eolikoen sektoreari laguntzak kendu izanak sortutako arazoak aipatu ei ditu enpresak. CCOOren ustetan, baina, kaleratze hauek konpainiaren benetako asmoen aurrerapen txiki bat baino ez dira. «Gure iritziz, lantaldearen mobilizazio gaitasuna neurtzen ari da enpresa, eta erantzun epel batek kaleratze gehiago egitera bultzatuko du». Horregatik, sindikatuak iragarri du datorren astean mobilizazio kanpaina indartsu bati ekingo diola. Protesten bidez, murrizketak mugatzeko eta irtenbide ez traumatikoak hitzartzeko negoziazioak abiatzea eskatuko dio zuzendaritzari. Horrez gain, taldearen industria proiektua egonkortzea bermatuko duen etorkizuneko plan bat aurkeztea galdegingo dio, langileei gutxieneko berme batzuk emateko.
BERRIA Gamesarekin harremanetan jarri da, baina ez dio ezer argitu. Soilik esan dio zerbait garrantzitsua esateko duenean berak esaten duela.
Gamesak 164 langile kaleratuko ditu, horietako asko Euskal Herrian
Kaleratze gehienak traumatikoak izango direla salatu du CCOOk, zuzendaritzak sindikatuekin negoziatzeari uko egin diolakoDatorren astean mobilizazio kanpaina indartsu bati ekingo dio sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu