Erregulazioan daude Gamesaren Agoizko (Nafarroa) lantegiko berrehun langileak. Gabonetako oporren ostean, haietako batzuk berriro lanean hasi dira, baina Galizian, konpainiak As Somozas herrian duen lantegian. Agoizko langileak ez ezik, Miranda de Ebrokoak ere joan dira, guztira 80.
Gutxienez maiatzera arte egotea aurreikusten da, eta hiru txandatan lan egingo dute, astelehenetik ostiralera. Galiziako lantegiak G87 ereduko 90 pala egiteko eskaera du, 43,5 metrokoak, esportazioarako. Zeregin horretan lagunduko dute Nafarroatik joandako langileek.
Abenduaren 2an aurkeztu zuen erregulazio espedientea Gamesak. Urtarriletik irailera arte egongo da indarrean, baina fabrika ez da itxita egongo, baizik eta jarduera apalagoan arituko da, erregulazioa txandaka ezarriko baitzaie langileei. Zuzendaritzak arrazoitu zuenez, eskari batzuk atzeratu egin zaizkie. Hala, ez dute lantokiko stocka handitzea nahi, ezta langileak geldirik eduki ere.