Gamesak 2010 eta 2013 artean parke eolikoetan 1.315,3 megawatt instalatzeko bi kontratu lortu ditu Txinan. Orain arteko kontratu garrantzitsuenak dira, Iberdrolarekin -bere akziodun eta bezero nagusia- sinatutakoak aintzat hartu gabe. Txina da munduko merkatu eoliko nagusia, eta, Gamesaren aurreikuspenen arabera, datorren urtean Txinan salduko ditu megawatten %30 baino gehiago, iazko portzentajearen bikoitza.
Gamesak parke eolikoak egingo ditu Guandong Nuclear Wind eta Datang Renewable Power enpresekin elkarlanean, Liaoning eta Heilongjiang probintzietan. Txinako argindar enpresa garrantzitsuenetakoak dira.
Txinaren garrantzia inbertsioetan ere nabari da: Gamesak hirukoiztu egingo du bertan egingo duen inbertsioa, 2009 arte egin zituen 42 milioi eurotik, 2012 arte egingo dituen 90 milioi eurora. Jada lau fabrika ditu bertan, bosgarrena eraikitzen ari da, eta seigarrena ere egingo duela iragarri du.
Txinatik kanpo, Gamesak itsas plataformetarako aerosorgailuak egiteko lantegi bat eraiki nahi du Erresuma Batuan. Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak Eskozian egitera bultzatu du.
Gamesak orain arteko kontratu garrantzitsuenak lortu ditu Txinan
Datorren urtean Txinako negozioa bikoiztea espero du, eta sei lantegi izango ditu herrialde horretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu