Gamesaren erabakien «konplize» egin du LABek Iruñeko gobernua

«Diruzalekeria» egotzi dio enpresari, 2007tik 665 milioi euro irabazi dituelako eta etekinak handitu nahi dituelako

Joserra Senar
Iruñea
2010eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Guk ez dugu nahi Altsasuko lantokiaren itxiera ez Madrilen ez Nafarroan». LAB ez da Nafarroako Gobernuaz fio. Langileek 150 kontratatuak behin betiko eteteko lan erregulazioko espedientea gutxienez foru erkidegoan tramitatzea eskatu arren, LABek ez du uste gobernuaren jokabidea garbia dela, eta itxieraren «konplize» dela iritzi dio: «Exekutibo nafarraren arbuioak krokodiloaren malkoak dira. Haren hipokrisia iraingarria da», aipatu zuen atzo prentsaurrekoan Oscar Cayon LABeko kimika sektoreko arduradunak.

Cayonek gogoan hartu du iragan urteetan diru publiko ugari eman zaiola Gamesari, eta 2008ko maiatzean Miguel Sanz Nafarroako lehendakaria Agoizko lantokiaren inaugurazioan izan zela. LABen irudiko, Nafarroako Gobernuak Iberdrolan egun duenpartaidetza Gamesaren erabakian esku hartzeko erabili beharko luke. Iraganean Iberdrolan egindako inbertsioaren izaera estrategikoa aldarrikatu duen bezala, orain itxieraren «konplize» dela gaineratu du.

Gamesari, berriz, «diru zalekeria» egotzi dio. Azken hiru urteetan 665 milioi euro irabazi ditu taldeak, eta zerga paradisuetan dirua duten Ibex-35eko enpresen artean dago. «Estatuaren laguntza duten multinazional horiek inbertsioek etekin gehiago eman behar dietela erabaki dute. Gauza ez da enpresa egoera txarrean izatea, etekin gehiago ateratzea baizik». Sindikatuak azpimarratu du egunkari ekonomiko bateko analisiaren arabera, burtsan igotzeko %60ko ahalmena duela eta balioen merkatutako negozio oparoenetakoa dela. «Beraz, krisirik ez dute bat ere», dio Cayonek.

Gaur manifestazioa

Langileen batzordeak deituta, gaur Altsasun 19:00etan manifestazioa egingo dute lanpostuen defentsan.

Atzo, 15:30ean langileen batzordea zuzendaritzarekin bildu zen. Jose Mari Otxoa-Errarte batzordeko ordezkariaren hitzetan, Gamesak bere ikuspuntuari eusten dio. Bileran berretsi zuen itxiera «atzeraezina» dela eta Madrilen tramitatuko dutela espedientea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.