Ganadua eramateko leku bila

Ganaduzaleek eta harakinek Bizkaitik kanpo dauden hiltegietan bilatu beharko dute aurrerantzean zerbitzua. Horrek produktuaren kalitatean eta prezioan eragingo duela ohartarazi dute.

Lander Muñagorri Garmendia.
Durango
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Kalitatean, eta prezioan. Bi zentzu horietan nabarituko dute Erralderen itxiera kontsumitzaile bizkaitarrek. Lurraldean ez da hiltegirik geratuko aurrerantzean, eta horren ondorioz abelburuak hiltzeko ibilbide luzeagoa egin beharko dute ganaduzaleek. «Hori okelaren kalitatean nabaritu egingo da, zenbat eta denbora gehiago egin kamioian, animalia orduan eta estresatuago iristen baita hiltegira», dio Ekaitz Iturbek, Gernika-Lumoko Iturbe anaiak harategiko jabe eta ganaduzaleak. Gainera, abelburua hiltzera gero eta urrutirago eraman beharko denez, garraioa ere garestiagoa izango dela dio, eta hori bezeroek «poltsikoan sumatuko» dutela ohartarazi du.

Baserri, hiltegi eta harategiaren arteko zirkuluak ahalik eta txikiena izan behar duela uste du Joseba Berturenek, BermeokoBerturen harategiko jabeak. Hiltegia negozio gisa ulertzen dela uste du, eta pentsatzeko modu hori kaltegarria izan daitekeela dio, «zerbitzu bat baita, baina ez harategientzako bakarrik, baita baserritarrentzat ere». Izan ere, herritarrei bertako produktua eskaintzea garrantzitsua dela deritzo, eta zentzu horretan hiltegiak lurraldean bertan izatea beharrezkotzat jo du. «Baina ez dago era horretako kontzientziarik».

Erralderen itxierak, gainera, baserritar txikiei zuzenean eragingo diela azaldu du Valentin Jauregi Elorriokoganaduzaleak. «Gure ustiaketak aurrera eramateko zailtasun handiagoak izango ditugu aurrerantzean». Abelburu gutxi dauzka baserrian, gizentzeko hamabost behi guztira. Garraioan ordaindu beharko dutena bikoiztu egingo dela aurreikusten du, eta horrek ganaduzale txikiei eragingo die batez ere, «ez baita errentagarria izango abelburuak etxean, modu apalean haztea». Egoera berean baserritar ugari daudela zehaztu du. «Epe motzera ustiapen txiki ugari galtzea ekarriko du Erralderen itxierak». Horregatik, erakundeen aldetik nekazari txikien aldeko sostengua eskatu du Berturenek. «Denek esaten dute lehen sektorea babestu behar dela, baina nola? Egiten ari diren eran ez behintzat».

Ganadua hiltzera, Gipuzkoara

Bizkaiko hiltegi bakarra itxitaabelburuak inguruko lurraldeetara eraman beharko dituzte aurrerantzean ganaduzaleek. Laudion dago Arabako bakarra, eta Gipuzkoan lau gehiago daude: Donostian, Zestoan, Oñatin eta Tolosan. Arabakoa txikiegia izaki, baserritar gehienek Oñatiko Zubillaga hiltegira eramango dituzte abelburuak, gertutasun arrazoiengatik.

Oraingo itxieraren aurretik, 2005ean ere antzeko egoeran egon ziren ganaduzaleak, Erralde itxi zutenean. Baina hartan Bilboko Zorroza auzoan ere hiltegia zegoen. «Hartan guk Gipuzkoara joan ginen, harreman gehiago baikeneukan», dio Iturbek. Astelehenetik aurrera ere, horrela egingo duela iruditzen zaio, Oñatira ziurrenik. Berturenek ere, hiltegi berri bat bilatu beharko du haragia eskatzeko, eta hark ere Zubillaga hiltegiaren aldeko apustua egingo du, «Erraldeko filosofiaren antzekoa baitauka».

Oñatiko Zubillaga hiltegian bien bitartean, zain daude. Iristen zaizkien eskaeren arabera lan egingo dutela adierazi dute. Oraingoz, abeltzain bakarraren deia jaso dutela jakinarazi dute, baina gehiago izango direla ere espero dute. Bizkaiko ganaduzaleak ordea, kezkatuta daude, Gipuzkoako hiltegiek ez dutelako Erraldera sartzen ziren ia 10.000 abelburuentzako kabidarik izango. Zubillaga hiltegian produkzioa igotzeko baliabideak dauzkatela azpimarratu dute, baina mugak dituztela ere gogorarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.