Joan den ostegunean jarri zuen martxan Catak Eskoriatzako lantegia. Etzi, Arrasateko Garagartzakoa hasiko da ekoizten. Labeak eta egosketa plantak egingo dira han. "Erritmo motelean" abiatuko dira bata zein bestea, guztira 155 langilerekin. Gehienak kooperatibako bazkide ohiak dira, baina badira berri batzuk ere, "sektorean esperientzia handikoak". Catak azaldu du prozesua aurreikusi bezala doala, eta dagoeneko eskaera dezente jaso dituela.
Bergarako Geyserri dagokioenez, Fagor Etxetresnek join-venture bat zuten Vaillantekin. Cata negoziatzen ari da Frantziako taldearekin, haren %50 eskuratzeko nahiarekin. Negoziazioak "oso aurreratuta" daudela jakinarazi du Catak, eta datorren urte hasierarako itxi nahi du akordioa. Bergaran ekoizpena ez da eten.
Zalantza gehiago eragiten ditu Edesaren lantegiak. Azpiegituren jabea nor izango den zehazten denean jakinaraziko du bere jarrera Catak. Langile ohiek Kataluniako taldeari eskatu diote lehiatzeko eraikinaren enkantean.