«Garaipena lortu duen estrategia da, urrats gehiago egiteko balio duena geroan»

Lau urte luze iraun zuen auzibidearen ondoren, Baiona eta Paueko epaitegiek Euskal Herriko Laborantza Ganberaren alde egin zuten. Bi kazetariek ibilbide horren lekukotasuna utzi dute liburu batean.

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Elkar argitaletxearen eskutik, Euskal Herriko Laborantza Ganbera pièces à convictions izeneko liburua argitaratu dute Maritxu Lopepe eta Remi Riviere kazetariek. Frantsesezko hitz jokoa hautatu dute sorreratik EHLGk izan duen jazarpena islatzeko. Batetik, oinarri juridikorik gabe poliziak aurkeztutako frogak, eta, bertzetik, Ipar Euskal Herriko laborantzaren eredu propioa eta berezia aldarrikatzen duen uste sakona. Liburua frantsesez idatzirik dago, eta salgai da 20 eurotan.

Zergatik sentitu duzue liburu hori idazteko beharra?

MARITXU LOPEPE. Pentsa daiteke guztiek ezagutu dugula hurbiletik auzi horretan gertatu dena. Errealitate horretan, aldiz, hainbat elementu egon dira, batzuetan militanteek ere ez dutena ezagutu. Duela 30 urte Ipar Euskal Herriko laborariek antolatzearen beharra sentitu zuten. Hori da EHLGren sorreraren arrazoia. Erro sakonak ditu. Pauek ukatzen zuen Iparraldeko laborantzaren berezitasuna, laborantza eredu propioa eta, bertze alde batetik, integratzailea. 2005ean sortu zelarik, erro sakon eta sendoak zituen EHLGk. Ez gara auziaz bakarrik mintzatu. Oinarri haietan ere sakondu dugu horren testigantza uzteko. Orain modan daudenen ingurunearen errespetua, hurbileko enpleguen beharra, mozkinen kalitatea eta abar duela 30 urte aldarrikatu zituzten laborariek.

REMI RIVIERE. Borroka horren inguruko lekukotasun bat idazteko prest ote ginen galdetu ziguten. Kazetarien ikuspegitik egitea onartu dugu. Ez da liburu historikoa. Idatzizko oroitzapena utzi nahi izan dugu, ebazpena eman eta hilabetera.

Nolako ekarpena egiten duzue liburu honen bidez?

RIVIERE. Militante batzuek egin duten borrokaren lekukotasuna da lehenik. Bat-bateko antolakuntza izan dela pentsa dezakete batzuek. Guk argi erakusten dugu ezetz. Biziki ongi antolatu zuten, estrategia zehatz baten inguruan.

LOPEPE. Pentsatzen dugu ekarpen interesgarria izan daitekeela, bai borroka barnetik ezagutu dutenentzat, bai kanpotik bizi izan dutenentzat. Bada parte historikoa, baina baita ere laborantza mundukoak ez diren ehunka pertsonen errealitatea. Horiek menturaz ez dute osotasuna gogoan. Barne antolakuntza eta estrategia azaltzen dira liburuan. Hautu estrategiko bat egin zuten. Estatuak indarra eta jazarpena baliatu zuen EHLG auzira eramateko. Honen erantzuna maila politikoan emanen zela pentsatzen zuen estatuak. Ez. EHLGk auzibide tekniko batekin ihardetsi zuen. Erakutsi zuen estatuaren jazarpena ez zela lege arrazoietan oinarritzen, politikoetan baizik. Defentsa teknikoa eginez, izugarrizko lorpen politikoa lortu zuen EHLGk. Hori da tesia.

Zergatik hautatu defentsa teknikoa aldarrikapena politikoa zelarik?

LOPEPE. Lehenik, auzia delako. Logikoa da defentsa teknikoa egitea, epaileak horretan oinarritzen direlako ebazpena ematerakoan. Irabazteko aukera gehiago dago. Baina lekuko guztiek azpimarratu zuten izaera politikoa.

RIVIERE. Borroka politikoa da. Baina defentsa teknikoa eginez, estatuaren bortizkeria nabarmendu da. Juridikoki estatuak ez zuen erantzunik, ez zuen oinarri juridikorik. Garaipena lortu duen estrategia izan da, eta etorkizunean urrats gehiago egiteko balio du horrek. Ez dezagun ahantz, sostengu zabala ukan duela, masa mugimendua bihurtu dela. 2005ean sortu zen EHLG, eta berehala hasi zen prefeten jazarpena. Hiru izan ziren. Hipotesi baten arabera, Michelle Alliot Marie garaiko Frantziako Barne ministroak presioa egin zion Justizia ministroari, auzibideari segida emateko. Sostengua antolatu zen Frantzian, Ipar Euskal Herrian,Interneten. Laborarien sostengua, baina kontsumitzaileena, adierazpen askatasunaren aldeko mugimenduena, sindikatuena. Horren kontra jo du estatuaren estrategiak, eta garrantzitsua da etorkizunean bertze borroka batzuk irabazteko.

Zein izan da lorpenik handiena?

LOPEPE. Mugimendu zabal bat kausitzea izan da lorpenik handiena. Ikastolen mugimendua kenduz, ez dakit Euskal Herrian horrelako adibide anitz ote den, zabal antolatu eta garaipena kausitu dutenak. Ez gaude Euskal Herriko Laborantza Ganbera bat eraikitzeko unean, baina, auziaren bidez, ofizialtasuna aitortu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.