Bilboko Merkataritza Ganberak gonbidatua, CEOEko presidente Antonio Garamendik Bizkaiko hiriburuan eman du hitzaldia gaur goizean. Aktualitateko gaiei helduta, haserre agertu da Espainiako Gobernuarekin, atzo CCOOk iragarri zuelako gobernuak eta bi sindikatu nagusiek akordiorako oinarria lortu dutela 2012ko lan erreformaren neurri gakoak aldatzeko.
Garamendik Pedro Sanchezen gobernuaren joakera salatu du: "Joko zelaira atera da epailea, baina aurkariari eskua emanda". Gobernuak, CCOOk eta UGTk elkarrizketa sozialerako mahaia hautsi dutela uste du patronalaren buruak, eta kexu agertu da enpresak akordioetatik kanpo utzi dituztelako. Esan du enpresak "marea politikoak zapalduta" bezala sentitzen direla. Atzo CCOOk emandako azalpenen arabera, ostera, patronala bera izan da akordiotik kanpo geratu dena, ez zetorrelako bat gainontzekoek babesten zituzten neurriekin.
Lan erreformen balizko aldaketen inguruko irakurketa xehatua egin du Garamendik. Lehenengo, PSOEren gobernuak eta Podemosek gutxieneko soldata %22 igotzeko akordioa kritikatu du, hilean 735,95 eurotik 900 eurora igoko delako gutxieneko soldata. CEOEko presidenteak kontuak eskatu dizkio gobernuari, argudiatuz %22ko igoera horrek kontratu publikoak dauzkaten enpresen irabazi tartea txikitzen duela. Horregatik, Madrili eskatu dio berraztertu ditzala kontratu publikoak eta igo ditzala eskaintzak, enpresek soldata igoerei aurre egin ahal izateko. Bestela, Garamendik ohartarazi du horrelako baldintzetan "inor" ez dela aurkeztuko konkurtso publikoetara.
Ez ultraaktibitatea, ez sektoreko ituna
Gobernuak bi sindikatu nagusiekin lotzen ari den lan erreformaren erreformaren inguruan, puntu nagusiak txarretsi ditu. Sektoreko lan hitzarmenari enpresakoari baino lehentasun handiagoa ematearen kontra dago patronala, "lehenengo konpainia bakoitzaren askatasuna defendatu behar delako".
Halaber, ultraaktibitate mugagabea berreskuratzearen kontra berba egin du. Defendatu du ultraaktibitatea urtebetera mugatzea ez dela langilee lan baldintzen kalterako izan, nahiz eta horrek lan baldintzen estatalizazioa ekarri duen Hego Euskal Herriko sektore eta enpresa askotan.