Soldata Arrakala

Garbiketa sektorean 3.500 eta 6.000 euro arteko arrakala dago soldatetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ELAren arabera

Aldea kale garbiketaren eta erakin eta lokalen garbiketaren artean dago. Bigarren horretan, langileen %85 inguru emakumezkoak dira. “Genero arrazoiak” daude arrakalaren oinarrian, sindikatuaren arabera.

Uxue Gutierrez Lorenzo
2018ko azaroaren 12a
07:12
Entzun

Kale garbiketan aritzen diren langile gehienak gizonezkoak dira. Andrazkoak dira, aldiz, batez ere eraikin eta lokalen garbiketan dihardutenak. Kale garbitzaileen soldata 23.183 euro da. Sindikatuaren arabera, eraikin eta lokaletako garbitzaileek 3.500-6.000 euro gutxiago kobratzen dute, lurralde eta hitzarmenaren arabera; hots, kasurik okerrenean, eraikin eta lokaletako langileek kale garbitzaileek baino %35 gutxiago irabazten dute. Lan bera egiten duten sektoreetan soldatak parekatzeko eskatu du ELAk.

Administrazioak %100 azpikontrataturik dituen bi sektoreetan gertatzen dira aldeak hiru lurraldeetan. Sindikatuaren arabera, generoaren araberako segregazioa nabarmena da, baita soldata arrakala ere. ELAk garbi du arazoaren iturria: “Soldata arrakalaren oinarrian genero arrazoiak daude. Ez da kasualitatea sektore feminizatuetan soldata txarrenak eta kontratu prekarioenak egotea”. Marikruz Elkoro zerbitzu federazioko idazkari nagusiak horrela azaldu du.

Administrazioa seinalatu du Elkorok egoeraren erantzule gisa: “Soldaten desberdintasun hau arazo politiko larria da, eta bere jatorria generoen araberako lanaren segregazioan datza, aberastasunaren banaketa bidegabean eta sarritan administrazioek ezartzen dituzten murrizketa politiketan”.

Dena den, alde handiak daude lurralde eta alorraren arabera. Gipuzkoaren kasuan, esaterako, %2 eta %22 artekoa da arrakala. Egun, negoziazio mahai ugari daude, baina fase ezberdinetan daude. Bizi dituzten hainbat egoera plazaratu ditu Amaia Pintado ELAko Gipuzkoako garbiketa arduradunak. “Gipuzkoako Aldundian, esaterako, joan den irailean lortu genuenparekidetasuna. Komisarietako eta epaitegietako garbitzaileen kasuan, bestalde, greban daude”. Gehitu du %2ko arrakala dagoen kasuetan “antolakuntza eta borroka sindikalaren ondorio” izan direla soldata berdintasunaren aldeko pausoak.

Gipuzkoako Aldundian ez bezala, Bizkaikoan diharduten garbitzaileei ez diete bermatu soldata berdintasuna. Horrela salatu du Maite Elizegi Bizkaiko garbiketa ordezkariak. “Aldundian lanean ari diren garbitzaileen %95 emakumezkoak dira. 2010etik ez dute soldata igoerarik izan. Borondate politiko kontua da Gipuzkoan egin duten bezala Bizkaiko Aldundian ere soldatak berdintzea”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.