Otsailaren 22an Emakume Eta Gizonen Arteko Soldata Berdintasunaren Aldeko Eguna da, eta, horri begira, hainbat neurri proposatu ditu LABek. Horiek landuko dituzte bezperan, ostiralean, sindikatuak Gasteizen egingo duen mintegi batean. Lan guztiak—tartean zaintza lanak— «modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortzeko, berrantolatzeko eta banatzeko» beharraz arituko dira han.
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk azaldu duenez, soldata arrakala «arazo politiko bat» da, eta, hori gainditzeko, bi elementuri heldu behar zaie. Batetik, azpimarratu du emakumeak direla nagusiki zaintza lanez arduratzen direnak, eta horrek dakarrela andreak «bigarren mailan eta modu subsidiarioan» egotea lan merkatuan.
Bestetik, lan munduan gertatzen den «sexu araberako banaketa» amaitu behar dela adierazi du. Salatu du horrek «emakumeak zigortzen» dituela soldata okerragoak izatera, «borondatearen kontrako» kontratu partzialak izatera, eta prekaritate gehiago pairatzera, besteak beste. «Errealitate horrek erakusten digu egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin. Ordaindu behar zaigun zor bat dago. Zor horri zor patriarkala deitzen diogu».
«Zor hori kitatzen hasteko», enpresek eta instituzioek neurri batzuk hartu behar dituztela azpimarratu du: «Enpresek lanpostuen balorazio berri bat egin behar dute, ikuspuntu ez-sexista batetik». Eta uste du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak horretan lagundu behar dutela, «pautak, tresnak eta baliabideak» jarriz balorazio horiek egiteko. «Eragin faktorearen arabera baloratu behar dira lanak, bizitzaren iraunkortasunean duten eraginaren arabera».
Horrez gain, sindikatuak uste du erabakiak hartu behar direla emakumeek «enplegua aurkitzeko pairatzen duten diskriminazioaren aurrean». Eta hori gainditzeko, besteak beste, honako neurri hauek proposatu ditu: 1.200 euroko gutxieneko soldata; lanaldia 35 ordura jaistea, enplegua sortzeko eta lan guztiak banatzeko; «inposatutako» lanaldi partzialak bukatzea; 20 orduko gutxieneko lanaldia ezartzea; eta subrogazio eskubidea bermatzea».