Enpresak

Garen abiatu da, enpresari txiki eta ertainen interesak babesteko patronal berri bat

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako "egungo enpresarien egiturak" betetzen ez dituen beharrak asetzeko jarri dute martxan enpresari taldea.

Garen patronal berriko lehendakari Iñaki Zuloaga. JUAN CARLOS RUIZ, ARP
xabier martin
2015eko azaroaren 27a
11:30
Entzun

Confebask patronalen konfederazioko elkarteek, Adegi, Cebek, eta SEA, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa guztien %8aren afiliazioa besterik ez dute. EAEko enpresen %85 ez daude patronaletan izena emanda, eta horrek enpresen tipologiarekin lotura zuzena duela uste dute Garen sortu duten enpresariek. Enpresa txiki eta ertainak Adegik eta beste lurraldeetako patronalek egiten duten eskaintzatik urrun daudela uste dute, enpresa txiki eta ertainenak ez beste interesak babesten dutela alegia, eta horren aurrean Garen abiatzea erabaki dute.

Urtebete iraun duen prozesua izan da; diagnosia egin eta "enpresariek ere" gertatzen ari diren "aldaketaren parte" izan behar dutela ohartuta, Iñaki Zuloaga buru duen enpresari taldeak Garen abiaraztea erabaki du. Ikusteko dago Garenek izaten duen harrera, eta horren arabera lortzen duen ordezkaritzaren neurria. Jadanik lortu dituzten 100 atxikipenak afiliazio bihurtuko balira eta haien atzetik beste ehunka batzuk baletoz, Garen lan harremanetarako kontuan hartzeko beste aktore bihurtu litzateke, eta agian sektore jakinetan hitzarmenak eta bestelako akordioak sinatzeko gai litzateke.

"Ez gara Adegiren aurka jaio", esan du argi eta garbi Iñaki Zuloagoa Gareneko presidenteak, baina aurkezpen osoan sarritan erreparatu dio hark eta Jesus Gomez Montoya presidenteordeak Adegik berak eta beste patronalek uzten dituzten zuloei enpresari txiki eta ertainei dagokienez. Garenek afiliazio kuotan "gutxienekoa" eskatzen du (180 euro), eta horren truke aholkularitza eskaini, "egun dagoen zerbitzuen katalogo onenarekin".

"Ez gara ELAren aurrean urtuko"

Garenek "sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoa errespetatuko duela" dio haren presidenteak, egungo "esklerosi egoeran" ezin dela jarraitu, eta lan merkatuaren "desarautzeak gehien jotzen dituena" enpresa txikiak direla. "Horregatik komeni zaigu akordioa, segurtasuna ematen digulako enpresa txikiei". Horrek ez du esan nahi, ordea, "ELAren aurrean urtuko" direnik; "badakigu hau oso zaila dela, eta interes asko adostu behar direla", baina Garen adosteko bokazioarekin jaio dela dio.

Erakunde publikoekin harremanak izan dituztela dio Gareneko buruak, eta ez Jaurlaritzak ez foru aldundien ez dietela kontrako iritzirik helarazi, zortea opa dietela baizik. Pello Gibelalde Adegiko presidentearen antzera. "Pello izan da proiektu hau ezagutu duen lehena", esan du Jesus Gomez Montoyak.

Gauzak horrela, Euskal Herrian bizi duen negoziazio kolektiboaren blokeoari begira subjektu berri bat iritsi da, baldin eta gaur bertan zabaldu den izena emateko zerrenda betetzen bada. "Milaka enpresari txiki eta ertain gara, eta enplegu guztiaren %8o ordezkatzen dugu". Garen hiru lurraldeetan zabalduko da, nahiz eta Gipuzkoan sortu den, eta "gutxieneko egitura" izango du. Nafarroan ere "norbaitek" antzeko proiektu bat sortzen badu, "ongi etorria" izango dela esan du presidenteak, baina EAEko lan legediaren arabera egituratu behar izan dutela azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.