Eusko Jaurlaritzak Confebaskekin, CCOOrekin eta UGTrekin sinatutako akordioak enpresetan "gatazkak" baino ez dituela eragingo salatu du Garenek. Enpresari txiki eta ertainen interesen bozgorailu izan nahi duen elkarte horrek kezkatuta hartu du Jaurlaritzak "ibilbide luzerik gabeko" egitasmoak babestea, gehiengo sindikala aintzat hartu gabe. "Gobernuaren itxurakeria ezkutatzeko kea besterik ez da". Demokrazia faltaren adierazle dela uste du, eta akordioak ez diela ezer onik ekarriko euskal enpresariei.
Garenen arabera, eragin mugatuko itunak orokortzeko nahiak agerian utzi du gobernuak ELA eta LABekin ados jartzeko duen ezintasuna. "Nola espero du egungo Jaurlaritzak negoziazio kolektiboa babestea eta lan harremanen eredu autonomo baterantz pausoak ematea enpresen eta sindikatuen borondateak batzeko gai ez bada?", galdetu du. Patronalak "porrot izugarria" iragarri dio hitzarmenari. "Aurrez aurreko arriskutsu batera garamatza gehiengoa duten sindikatuekin, inolako beharrik gabe. Oso kezkagarria da".
Garenek, halaber, ez du ulertzen Confebaskek nola sina dezakeen horrelako akordio bat, jakinik euskal enpresariak nahastuko dituen "paper busti bat" dela. "Ukaezina da gehiengo sindikalik gabeko akordio batek ez duela indar loteslerik inorentzat, ez dela bete beharrekoa". Legebiltzarrean legeak gehiengorik gabe onartzearekin parekatu du. "Pentsaezina da, eta hausnartzera eraman beharko gintuzke".