Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ohar baten bidez adierazi duenez, diputazioa "oso kezkatuta" dago Kutxaren eta Kutxabanken etorkizunarekin. Haren arabera, kutxak banku fundazio bihurtzean kutxen gaineko kontrola galdu egingo da. "Hamaika aldiz esan dugu guk hori, eta orain Espainiako Bankuak berretsi du", adierazi du.
Ahaldun nagusiak salatu duenez, EAJk, PSEk eta PPk "pribatizazioaren alde" egin dute. "Ondo baino hobeto zekiten Kutxabanken gehiengoa kanpoko kapitalari saldu beharko ziotela, Mario Fernandezek berak hala esaten zuelako inolako lotsarik gabe". Garitanok dioenez, herritarrei "iruzur" egin diete, informazioa "ezkutatzen" jardun baitute.
Xabier Iturbe Kutxako presidentea eta EAJ jo ditu erantzule: "Orain Kutxabank saldu beharko dute, eta gipuzkoarrak eta hemengo enpresa txiki eta ertainak kontrol publiko eta sozialik gabeko finantza erakunderik gabe utziko dituzte".
Dena den, Garitanok uste du "borondate politikoa" baldin badago, konponbidea badagoela. "Banku fundazio izatetik fundazio arrunta izatera pasa besterik ez da egin behar". Ziurtatu du "legezkoa eta bideragarria" dela.