Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo eta gaur artean aparteko paga bat ordainduko die bere 1.900 langile publikoei. Atzo arratsaldean agindu zuen ordainketa, eta hilabeteko bateko ordainsariaren parekoa izango da. Martin Garitano ahaldun nagusiak gaur eguerdian esan duenez, Espainiako Gobernua hartzen ari den neurriak ez datoz bat "Aldundiak xede dituen herritarren interesekin", eta hori dela-eta Aldundiak bide horri "tresna guztiekin" erantzungo diela esan du.
"Inposizio" hitza erabili du Garitanok Espainiako Gobernuaren erabakiaz mintzatzerakoan. Aste honetan, kontrakoa iragarri bazuten ere, Nafarroako Gobernuak eta jarduneko Eusko Jaurlaritzak langileei Gabonetako lansaria ez ordaintzea erabaki dute, Auzitegi Konstituzionalaren epai bat jarraituz. Garitanok Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea ukatu nahi diotela azpimarratu du, eta min egiten diola horrek herriari: "Herri honi oinarrizkoenean ere ukatzen diote erabakitzeko eskubidea, ez herritarrei ez erakundeei ez diete burujabe izaten utzi nahi".
Jarrera "irmoa"
Krisia gutxi batzuen mesedetan darabilela Espainiako Gobernuak salatu du ahaldun nagusiak, eta Espainia botere ekonomikoen interesen mesedetan dabilela. "Krisia eragin ez zutenak ari dira krisia ordaintzen, herritar xumeei ordainarazi nahi diete krisia, gutxi batzuen mesedetan, eta jarrera horren beste adierazpide bat besterik ez dira inposizioa eta murrizketak". Gipuzkoako Aldundiak herritarren defentsan jardungo duela esan du Garitanok, eta horregatiak ordaindu du ordainsaria, erosteko ahalmenari eusteko.
"Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegitik, Espainiako Gobernua hartzen ari den neurriak ez dira ez zentzuzkoak, ez eraginkorrak, ez baitiete erantzuten Aldundiak xedetzat dituen herritarren interesei. Beraz, Aldundiak eskura dituen tresna guztiekin erantzungo dio bide horri". Jarrera irmoa dela euren esan du Garitanok. 1.900 langilek egiten dute lan Aldundiarentzat, eta eurekiko hartutako konpromisoak betetzera doazela esan du: "Herri honen eta herri honetako instituzioen eskubideen eta eskumenen defentsan jardungo dugu".
Hilabete bateko ordainsariaren parekoa izango da. Langile gehientsuenek gaur bertan jasoko dute.