Gipuzkoaren garapen osorako "ezinbestekoa" da Kutxa, Martin Garitano ahaldun nagusiak esan duenez, eta "gipuzkoarren altxor hori" galtzeko arriskuan dagoela erantsi, "kontrol publikoari uko eginez pikutara biudali nahi dutelako EAJk, PSEk eta PPk". Kontrolerako mekanismo horiek "desagerraraziko" dituztela dio Garitanok. "Horren ordez, herritarren diruz eraikitako finantza erakunde hauen burujabetza eurek aukeratutako ordezkari eta ustezko adituen esku geratuko dira".
Prozesu hori, gainera, "eztabaida publikorik gabe" egin nahi dela esan du ahaldun nagusiak, "kutxen fundatzaile diren aldundi eta udaleklin hitz egin gabe". Beraz, "pribatizazioarekin", EAJk, PSEk eta PPk "kutxen likidazioaren operazioa martxan jarri dute, Euskal Herriko ehun produktiboari kolpe latza eraginez".
Jose Luis Bilbao Bizkaiko Diputazioko buruari eta Javier de Andres Arabakoari dei egin die Martin Garitanok, haiek ere "arduraz joka dezaten", BBKn eta Vitalen martxan jarritako prozesuak "geraraz ditzaten", kutxen kontrol publikoa bermatzeko. "Herri akordio bat" nahi du Garitanok "pribatizazioari ateak ixteko".
Etsipenik ez
Kutxen inguruan sortu den egoeraren aurrean bi aukera daudela esan du Larraitz Ugarte foru aldundiaren bozeramaileak, "etsipena, Madrilek eta Europak horrela izan behar duela esaten dutela nabarmentzea alegia", edo beste bat, "ez etsitzea". Gipuzkoako herritarren ondarearekin "ezin da jolastu", esan du Ugartek, "ezin da gezurretan ibili". Herritarren ondare publikoa defendatzeko "konpromisoa" hartu dutela ere gaineratu du Ugartek, "Kutxabanken pribatizazioaren bidea zuzendu baitateke oraindik". Hala, larunbatean Bilbon egingo den "pribatizaioaren aurkako manifestazioarekin" bat egin du Gipuzkoako Diputazioak, ez duelako nahi "CANen paraleloa izango den prozesu bat".