Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ohartarazi du Jaurlaritzak "datozen orduetan" Inbiomed diruz laguntzeko konpromisoa betetzen ez badu enpresa hartzekodunen konkurtsora joan daitekeela. Ohar baten bidez azaldu duenez, Jaurlaritzak ekainean konpromiso bat hartu zuen: esan zuen irailerako jakinaraziko zuela Inbiomeden finantza arazoen inguruan zein erantzun emango zuen, defizit helburuak malgutu ostean izango zituen baliabideak ikusi ostean. "Baina oraindik ez du zehaztu bere parte hartzea".
Fundazio pribatu bat da Inbiomed, eta ama zelulen bidez, medikuntza erregeneratibo ikerketan aritzen da. Hainbat murrizketa eginak ditu, erregulazio espediente baten bidez hamabi langile kaleratzeko asmoa ere tartean da, eta horrek bularreko minbiziaren gaineko ikerketa lerroa bertan behera geratzea eragingo luke.
Garitanoren arabera, diputazioak 300.000 euroko ekarpena egin du dagoeneko, eta beste 400.000 eurokoa egiteko konpromisoa hartu du. Alabaina, ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabankek "eskuak garbitzen" badituzte diputazioak berak bakarrik ezin diola eutsi proiektuari.