Garizumako haizea?

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Baikorkeriak azaroan garizuma ikustea eragin lezake. Ruper Ordorikaren diskoan bezala, egunetik egunera aldatzen ez dena gehiago da, aldatzen dena baino. Baina badira ñabardura txikiak han-hemenka: berbarako, AEBetako KPIk gorantz egin eta Wall Streetek pentsatu du interes tasa baxuen aroa ez dela uste bezain luzea izango; etxebizitza berrien datua ere uste baino txarragoa izan da AEBetan eta, hala ere, 12.000tik gora egingo du lo Ibex-35ek (+%0,63). Finean, (garizumako edo azaroko) haizea buruan eta ibili munduan. Sekulabelardiko kantaria, kasu honetan, urrea da: etengabeko gorakadekin jarraitzen du eta ontzako 1.145 dolar harrapatu ditu jada. 2.166 milioiren salerosketarekin, Gamesa (+%2,38) nabarmendu zen eta, blue chip-en artean, 19,65 euroan den Edurnezuri (+%1,13) eta Iberdrola (+%0,77). Urte amaiera dela eta 12.500 puntuen langa begiz jo dute zenbait analistek, baina funts handirik gabeko aurrikuspenak dirudite.



CAM. CAM Valentziako aurrezki kutxak galerak aurrikusi ditu 2010ean, autonomia erkidegoko presidenteorde Gerardo Campsek jakinarazi duenez. Bat-egiteen dantza hasia den honetan, finantza sektorearen argazki esanguratsua.



Imaginarium. Burtsaratzeak asko urritu diren arren, Aragoiko Imaginarium jostailu denden taldeak datorren abenduaren 1erako iragarri du berea. Mercado Alternativo Bursatil (MAB) delakoan salerosiko dira bere akzioak, Erosteko Eskaintza Publikoaren ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.