Iberdrola Dorrea. Inaugurazio ofiziala

Garoña ixteko eskatu dute dorretik gertu

34 eragile sozialek, sindikatuk eta alderdik deituta, elkarretaratzea egin dute dorrearen inaugurazio ekitaldian

Bilbo
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Joera politiko askotako alderdiek, hainbat sindikatuk eta esparru ugaritan lan egiten duten gizarte eragileek deituta, dozenaka pertsona bildu ziren atzo Bilboko Euskadi plazan, Iberdrolaren dorrearen aurrean, Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatzeko. 11:30 aldera, Garoña itxi orain eta Nuklearrik ez lelodun pankartak zabaldu zituzten, eta zentraletan erabiltzen diren jantzi zuriez, gas maskarez eta bengalez baliaturik, huts egite nuklear baten simulazioa egin zuten. Hala, «Endesak eta Iberdrolak osatzen duten Nuclenor enpresa» eta PPko gobernua Garoñaren jarduna 2013tik aurrera luzatzeko «ahaleginetan» ibiltzea salatu zuten eragileek.

EILAS sindikatuko kide Arantxa Fernandez de Garaialdek adierazi duenez, eragileek Garoña ixteko eskatu dute, «ez delako beharrezkoa, eta, gainera, oso arriskutsua delako». Gogorarazi duenez, zentrala Gasteiztik 45 kilometrora eta Bilbotik 80 kilometrora dago. «Fukushimako zentrala honen bikia da, bai teknologia aldetik, bai potentzia aldetik, bai urte berean zabaldu zirelako. Ikusi dugu han zer gertatu den». Horrez gain, martxoaren 10ean, Fukushimako zentralak izandako istripuaren lehen urteurrenean, Bilbon energia nuklearraren eta Garoñako zentralari luzapena ematearen kontra antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Borboiak jomuga

Aldarrikapen serioa izanagatik, umorerako tartea egon zen. Espainiako errege-erreginek Iberdrolaren dorrearen inaugurazioan parte hartu zuten, eta nuklearren kontrako oihuez gain, monarkiaren kontrakoak ere entzun ziren. Ez zen falta izan Iñaki Urdangarin «Burger King batean lan egiten» ikusi nahi duen jenderik, ezta «errege familia Inemeko ilaran» ikusi nahiko lukeenik ere. Era berean, bandera errepublikar ugari ikusi ziren.

12:45 aldera Espainiako errege-erreginak heldu ziren dorrera, eta manifestariek txistuka egin zieten harrera, ertzainez inguraturik. Bitartean, dorreko atari ondoan, zenbait pertsonak monarkak txalotu zituzten. Txistuak txaloei nagusitu zitzaizkien —kopuruan eta dezibeletan—, eta bi taldeen arteko tentsio uneak izan ziren, ondorio larririk gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.