Enpresak paratzeko lehenbiziko lau pabiloiak, 70.000 metro koadrorekin, zutik daude, baina oraindik nork okupatuko dituen isilean gordetzen dute plataformako sustatzaileek. Edonola ere, enpresaren bat lanean ikusteko gutxienez udara arte itxaron beharko dela aurreratu dute.Gregorio Rojo Alava Logistica enpresako eta Vital Kutxako presidenteak «lehen mailako» enpresak erakartzeko lanean ari direla berretsi zuen, baina inaugurazio ekitaldiko hitzaldian ez zuen askoz gehiago argitu. «Ahalegin horien emaitzak aurki ikusiko ditugu, mementoz esan dezaket enpresa aipagarri ugarik interesa azaldu digutela».Vital Kutxa da ekimenaren bazkide finantzaria, eta bazkide teknologikoa Abertis da, Katalunian egoitza duen azpiegitura eta logistika konpainia. Bien artean dituzte, erdibana, akzioen %85etik gora. Abertis Logisticako presidente Macia Alavedra eta Abertis Infraestructuraseko kontseilari-ordezkari Salvador Alemany inaugurazio ekitaldian izan ziren. Besteak beste, A68 autobideko akziodun nagusia da Abertis.
«Garapen ekonomikoaren ardatz funtsezkoenetakoa»
Oraindik bide luzea du Arasurrek, bederatzi urte beharko baitira proiektua osorik garatzeko. Hala ere, baikor da Gregorio Rojo. «Arabako eta Euskal Herriko garapen ekonomikoaren ardatz funtsezkoenetako bat izango da Arasur, zalantzarik gabe».
Horren ildotik, Europako Batasunak kontinenteko garraio ibilbide nagusien artean jarri duela gogoratu zuen. «Aukera historikoa da Araba nazioarteko mapan kokatzeko», Vital Kutxako presidentearen irudiko.Kokapen estrategiko horri etekina atera nahi dio Arasurrek. Errepide eta autobide garrantzitsuak parez pare ditu, baina, batez ere, burdinbidearen bidez Bilboko eta Pasaiako portuetara sarrera zuzena izatea baliatu nahi dute enpresak erakartzeko. Horrez gain, gertu ditu Forondako eta Loiuko aireportuak.Horrekin batera balio erantsiko operazioak egiteko aukera eman nahi die bezeroei. Paketatzea, etiketatzea edo muntaia txikiak bertan egin ditzakete, esaterako.Gunearen eraikuntzarekin aurrera jarraituko dute bien bitartean, eta 20.000 metro koadroko beste bi pabiloi bost hilabete barru prest izatea espero dute. Guztira, lehen fasean 1,45 milioi metro koadro eraikiko dira, eta horietatik 650.000 metro industria-nabe bihurtuko dira.Arasurren inaugurazioa burutzeko, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak plaka bat bistaratu zuen. Aurretik, Eusko Jaurlaritza garraio eta merkantzien alorrean sustatzen ari den beste bi ekimenen osagarritzat jo zuen plataforma: Abiadura Handiko Trena eta Pasaiako kanpo portua. Administrazio publikoen arteko lankidetza ere izan zuen hizpide lehendakariak. «Prestatzen ari gara etorkizunerako, eta hori egiten da eguneroko lanarekin, eta denon artean, Espainiako Gobernuarekin, foru aldundiekin eta udalekin elkarlanean».Halaber, inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten Espainiako Sustapen ministroak, Magdalena Alvarezek, eta Arabako ahaldun nagusiak, Ramon Rabanera. Gonbidatuen artean erakunde publikoetako karguak, alderdi politikoetako ordezkariak, eta ekonomia arloko eragile ugari izan ziren.
ERREAKZIOAK
Hiruren ustez, «talde handien mesederako» da
Arasur plataformaren ekimen logistikoa «garraio talde transnazionalen mesederako» izango dela ziurtatu du Hiruk, Euskal Herriko Garraiolari Autonomoen Sindikatuak. Inbertsioaren parte bat diru publikoa izatea gogor gaitzetsi dute garraiolariek, eta «etekin pribatuetarako» bideratu dela salatu dute.
Hiruren aburuz, «bidegabea» da multinazionalek jasotzen duten laguntza, garraiolari autonomoek gaur egun bizi duten «egiturazko krisiarekin» alderatuta.