Petrolioak eragindako kostuen hazkuntzak garraiolarien poltsikoa gogor astindu duela salatu zuen atzo Hiru Euskal Herriko Garraiolarien sindikatuak. «Garestitzearen erantzuleak ez garenez, erantzukizuna dutenei neurriak» hartu ditzaten eskatu zuen sindikatuak. Besteak beste, kargadoreei eskatu zieten garraio prezioaren igoera onartzea. Garraiolari bakoitzari prezioak eragiten dion neurriko hazkuntzak aldarrikatu zituen Hiruk. «Prezioa igoko ez duten kargadoreek zerbitzurik izan ez dezaten ahaleginduko» dela iragarri zuen.
Dena dela, sindikatuak ez zuen eperik zehaztu, artean ere «negoziatzeko borondatea» duelako. «Eskatzen dugun gauza bakarra da garraiolariari kostuek eragiten dioten neurrian igotzea zerbitzuaren prezioa». Hiruren arabera, jada badira garraioaren prezio hazkuntza onartu duten enpresaburuak. «Horrenbestez, ez dugu greba orokorrik egingo, eurak ere kalteak izango dituztelako». Hiruko Esteban Muruamendiarazek zehaztu zuenez, «gasolioa dela eta, tamaina handiko kamioi baten gidariaren kostuak %5 igo dira; hilero 600 eurotik gora, beraz». Sindikatuaren arabera, gasolioaren urte arteko prezioa %16,55 garestitu da eta %14,45 urte hasieratik.Garraiolarien arazoa ez ezik, gizartearen arazoa ere badela ohartarazi zuen Muruamendairazek. Izan ere, hilabete bukaeran diru kopuru bera lortzeko ordu gehiago jardun behar izaten dute egun garraiolariek eta, beraz, errepideko segurtasunari eragin diezaioke. «Garraiolarien lan jardunaldia luzatzen ari da eta denbora aurrezteko, formula berriak sortu behar dituzte».Jada neurriak hartzen hasi dela jakinarazi zuen Hiruk. «Garraiolariei parte hartze zuzena eskatu diegu, bakoitzak bere kargadoreari prezio igoera eskatu diezaion». Enpresei eta bitartekariei, berriz, euren erantzukizuna onartzeko eskatu die 1.400 garraiolari autonomo inguru biltzen dituen sindikatuak. Merkataritza Ganberetara, Eusko Jaurlaritzara eta Nafarroako Gobernura ere jo dutela azaldu zuten Hiruko Javier Lopez de Roblesek eta Modesto Garciak.Espainiako Garraiolarien Batzordeak iragarritako protesta ekintzak bertan behera utzi zituen atzo, «enpresa nagusiak prezioaren %7ko igoera negoziatzeko prest direlako». Hiruk, ordea, oroitarazi zuen 2000n prezioak %10 igotzea adostu zutela, %5eko hazkuntza aurtengo ekainean. Hitzarmenok, ordea, prezioan ez direla inoiz islatu ohartarazi zuen sindikatuak.
PETROLIOA ETA ERREGAIAK
Garraioaren prezioa igo ezean, zerbitzua trabatuko du Hiruk
Gasolioa %16 igota, kargadoreei eskatu die «erantzukizuna onartzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu