Autoaren depositua betetzea inoiz baino garestiagoa da Hego Euskal Herrian. Gasolinaren eta gasolioaren prezioak maximo berrietara iritsi dira: 95 oktanoko berunik gabeko gasolinaren batez besteko prezioa litroko 1,26 eurokoa da, eta gasolioarena 1,313 eurokoa. Aurreko hilabeteekin alderatuz gero, aldea izugarria da. Berunik gabeko gasolina %17 garestitu da urtebetean, %16,02 aurtengo lehen zazpi hilabeteetan eta %32,77 2007tik. Gasolioaren kasuan hazkundea are handiagoa da: gasolioa %36,20 garestitu da urtebetean, %24,09 aurten eta %45,72 iazko urtarriletik.
Kopuru horiek eguneroko jardunera eramanez gero, aldea nabaria da. 55 litroko depositu bat 95 oktanoko berunik gabeko gasolinaz betetzeko 69 euro behar dira eta gasolioaren kasuan 72 euro. Uztailean depositua gasolinaz betetzeko urtarrilean baino ia hamar euro gehiago behar dira; gasolioz betetzeko, berriz, ia 14 euro gehiago.
Hego Euskal Herrian martxoan lehen aldiz gasolioa gasolina baino garestiago saldu zen zenbait zerbitzugunetan. Gaur egun bien arteko aldea nabarmena da.
Hego Euskal Herriko gasolinaren eta gasolioaren prezioak, hala ere, Euroguneko edo Europako Batasuneko herrialdeetako batez bestekoaren azpitik daude: Eurogunean 95 oktanoko berunik gabeko gasolina litroaren batez besteko prezioa 1,474 eurokoa da eta gasolioarena 1,455ekoa; Europako Batasunean, berriz, prezioak 1,455 eta 1,436 eurokoak dira, hurrenez hurren.
Brent upelaren prezioa 5,45 dolar garestitu zen atzo. Zenbait egunetan prezioak behera egin ostean, 142,03 dolarretan amaitu zuen atzoko eguna.
2009an presio gutxiago
Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) uste du datorren urtean munduko petrolio merkatuekiko presioa arindu egingo dela: petrolio eskaeraren hazkundea moteltzen ari delako, produkzioa handitzen ari delako eta Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundearekiko (LPEE) petrolio mendekotasuna murrizten ari delako. IEAk atzo egin zuen iragarpena; baina ohartarazi zuen bere aurreikuspenak ohi baino ziurgabeagoak direla, egoera ekonomikoaren ondorioz.
IEAren arabera, 2009an munduko petrolio eskaera 860.000 upeletan handituko da egunero. Aurten petrolio eskaeraren hazkundea 890.000 upelekoa izan da egunero.
LPEEk are epe luzeragoko aurreikuspenak egin ditu. 2030ean petrolio upelen eskaria egunero 116,3 milioikoa izango dela uste du. Gaur egungo batez bestekoa 86,88 milioi upelekoa da.
Petrolioaren garestitzea agerian uzten duen datua eman zuen Abdala Salem El-Badri LPEEko idazkari nagusiak atzo Vienan, datorren urteko aurreikuspenen aurkezpenean: LPEEko herrialdeek ekoitzitako petrolio upela 2003an 28 dolar ordaintzetik aurten 130 dolar baino gehiago ordaintzera pasa da. Abdala Salem El-Badriren esanetan, eskariaren era eskaintzaren arteko harremanez gain, beste faktore batzuek eragin dute prezioen garestitzea: alde batetik, dolarrak balioa galdu duela beste diru batzuekiko, euroarekiko batez ere; bestetik, etorkizuneko petrolio kontratuekin egiten den espekulazioa. Berak «paperezko upelak» deitu zituen: «2003an benetako upel bakoitzeko paperezko sei upel salerosten ziren; gaur egun, berriz, proportzioa paperezko 18 upeleraino iritsi da».
IEAk uste du zenbait herrialde garatutan -batez ere AEBetan- petrolio kontsumoa jaitsi arren, garapen bidean dauden herrialdeen eskaerak parekatu egiten duela petrolio eskaera.
Hala ere, zalantzak dira nagusi munduko petrolio merkatuan eta ekonomian. Europako Banku Zentralaren (EBZ) hileko txostenak dio aurreikuspenen arabera petrolio upelaren prezioa 146 dolar ingurukoa izango dela datorren urteko abenduan; baina EBZk berak onartzen du gaur egun ziurgabetasuna lehen baino «askoz ere handiagoa» dela.EBZk ez du uste epe laburrean eta ertainean petrolio upelaren prezioa jaitsiko denik.
Gasolina %17 eta gasolioa %36 garestitu dira azken urtean
Erregaiak inoiz baino garestiago dira Hego Euskal Herrian: batez beste, 1,26 euro gasolina litroa, eta 1,31 euro gasolioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu