Gasolindegian geratzea askoz garestiagoa da urte hasieran baino. Erregaiaren salneurriak gora egin du etengabe azken hilabeteotan, eta, dagoeneko, azken urteotako preziorik garestiena du gasolinak. Gasoila ez da neurri berean igo, baina urtarrileraino joan behar da egungo salneurria topatzeko. Europako Batasunak biltzen dituen datuen arabera, 95 gasolina litroa 1,367 euroren truke saltzen dute Espainian, batez beste, eta, gasolio litroa, 1,231 euroan.
Hego Euskal Herrian garestiagoak dira batezbesteko horiek. Gaur bertan, Araban, 95 gasolina merkeena 1,25 euroan zegoen litroa, eta, garestiena, 1,469 euroan. Bizkaian 1,267 eta 1,481 ziren preziorik merkeena eta garestiena; Gipuzkoan, 1,269 eta 1,479 euro; eta Nafarroan, 1,209 eta 1,356. Salneurririk merkeenak azalera handiko saltokietako gasolindegietakoak dira; errepideko zerbitzu estazioetan, preziorik garestienaren inguruko salneurriak daude, gehienetan 1,44 eurotik gorakoak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan prezio merkeagoak daude, oro har. Dena den, 2012ko irailean aurki daitezke egungoak baino prezio garestiagoak Hegoaldean. Hil horretan 95 gasolina litroak, batez beste, 1,522 euro balio zuen, eta gasolio litroak, 1,444.
Gasolina merkearen aroa bukatu da, bistan denez. Brent upela 75 dolarretako muga gainditzear dago, eta Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek (Errusia buru) osatutako kartelak lortu dute upelaren prezioa %40 igotzea azken urtean: 2021. urtea 51 dolarretan hasi zuen, konfinamendu garaian. Adituek diote ehun dolarreko Brent upela ere izango dela datozen hilabeteetan. Pandemiaren osteko susperraldi ekonomikoa hasi da, Txinan eta AEBetan batik bat, baina baita Europan ere, eta energia beharra ziztu bizian igotzen ari da.
Petrolio gehiago merkatuan
LPEE kartelaren (Saudi Arabia buru dela) politika merkatuan petrolio gutxiago jartzeko bere ondorioak izan ditu salneurrian, baina datozen hilabeteetan iturria irekitzen hasiko dira ekoizleak. Uztailerako orain baino bi milioi petrolio gehiago egongo dira merkatuan. Petrolio ekoizleek uste dute ekonomia globala eta eskaria suspertzen ari direla, eta Saudi Arabiak men egin diela ekoizpena handitzeko presioei, bai erakunde barnetik, bai aliatuen aldetik, baita kanpotik ere egin dizkioten presioei. Hala ere, garai batean baino dezente gutxiago ekoizten jarraituko du LPEEk.
Euroguneko estatu kideen artean, Alemanian garestitu da gehien erregaia, eta haren atzetik Espainia dago. 50 litroko biltegi bat duen auto bat hartuz gero, duela urtebete baino 15 euro inguru garestiagoa da autoren biltegia betetzea, Hego Euskal Herrian. Duela urtebete, ordea, pandemia betean zegoen Europa osoan; konparazioa 2019ko ekainarekin eginez gero, aldeak ez dira hain handiak: 2 euro ingurukoak baino ez.