Langileek susmatzen zuten albiste txarra gauzatu da, azkenik: Daewookitxi egin nahi du Gasteizen duen lantokia. Hego Koreako multinazionalak 144 langile kaleratzeko erregulazio eskaera egin berri du. Alegia, indarrean dauden kontratu guztiak, langile batzordearen arabera.
Abuztuaren hasieran, Daewoo Electronics-Demesa lantegiaren etorkizuna zalantzan zegoela ohartarazi zuten langileek. Izan ere, Arabako hiriburuan soilik A mailako energia eraginkortasuna duten konbi hozkailuak ekoizten ari ziren. Orain dela hamahiru urte hasi ziren horretan, baina aurki nahitaez utzi beharko dute, 2012 urteko ekainetik aurrera bakarrik A+ edo A++ eraginkortasuna duten aparatuak merkaturatu ahalko direlako Europako Batasunean.
Ordurako, behin-behineko erregulazio bat martxan zuen Daewook Gasteizko lantegian. Horren haritik, langileek salatu izan dute ez dela inolako aldaketarik egin bestelako hozkailuak ekoizten hasteko, eta susmatzen zuten multinazionalaren helburua jarduera bertan behera uztea zela. Langile batzordeko ordezkariek bilera egin zuten atzo erregulazioaren nondik norakoak aztertzeko, eta gaurko agerraldi publiko bat iragarri dute.
Ilusiotik arazo fiskaletara
Daewoo multinazionalak Gasteizen lantegi bat jarriko zuela iragarri zuen 1996an. Hirurogei milioi euroko inbertsioa, 400 lanpostu eta urtero 100.000 hozkailu egingo zituela iragarri zuen. Eusko Jaurlaritzak atzerriko inbertsioa erakartzeko ahaleginen erakusgarri izan zen, eta Jose Antonio Ardanza lehendakariak berak Hego Korea bisitatu zuen.
Araban kokatzearen truke, zerga-pizgarri ugari eskuratu zituen multinazionalak, eta orain dela gutxi amaitu den gatazka fiskal bateko nahi gabeko protagonista bihurtu zen. Espainiako hozkailu ekoizleen patronalak, ANFELek, laguntzak salatu zituen Europako Batzordean, eta opor fiskalen nahiz beste pizgarri batzuen inguruko ikerketak abiatu zituen jarraian Europak.
Gasteizen duen lantegia ixteko erregulazio eskaera egin du Daewook
Neurriarekin, 144 langile kaleratu nahi ditu; beharginek susmatzen zuten multinazionalaren ideia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu