Enpresak

Gasteizko Mercedesek jakinarazi du 750 langile kontratatuko dituela

Urteko ekoizpena aurreikusitakoa baino 8.600 auto gehiagok osatuko dute, 148.600 ibilgailutara iritsi arte

Gasteizko Mercedes Benz lantegia. ADRIAN RUID DE HIERRO / EFE
xabier martin
2021eko apirilaren 22a
14:25
Entzun

ELA sindikatuak ezagutzera eman du Mercedes Benz konpainiaren zuzendaritzak «albiste onak» eman dizkiola langile batzordeari: Alemaniako autogileak ekoizpena handituko du Gasteizko fabrikan 2021. urterako, eta langile gehiago hartuko ditu. Hain zuzen, aurreikusitakoa baino 8.600 ibilgailu gehiago egingo ditu aurten, 148.600 autoren ekoizpena lortu arte, eta, horretarako, 750 behargin kontratatuko ditu. 

Ekainaren 14an hasiko dira nabaritzen ekoizpen helburu berriaren ondorioak. Txanda murriztuak albo batera utzi, eta ohiko txandatan ariko dira beharginak berriro. Abuztuaren 2tik 22ra hartuko dituzte oporrak langileek, eta uztailaren 5etik irailaren 19ra astebeteko oporraldia hartu ahal izango dute, era berean.

Zuzendaritzak batzordeari azaldu dio beste 750 langile beharko dituela; batetik, txanda murriztuak ohiko txanda bihurtzeko: 400 bat langile beharko dira horretarako; eta, bestetik, 350 kontratazio gehiago egin beharko ditu oporrak egin daitezen. Enpresak jakinarazpen ofiziala helaraziko die langile guztiei, beharginen senitartekoek izena eman ahal izateko langile hautagai gisa. ELAk dio «albiste onak» direla, «langile ohiek lanera itzultzeko aukera izango dutelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.