Baieztatuta geratu da Michelinen Gasteizko lantegian amiantoa erabili zela. Arabako Lan Ikuskaritzak baieztatu du, txosten baten bitartez. Txostenak, gainera, baieztapen orokorra egiteaz gain, zehaztu du amiantoa zegoela Francisco Javier Martinez Diaz de Zugazua langilearen lanpostuaren inguruan. Martinez biriketako mesoteliomak jota hil zen. Euskadiko CCOOk «justizia» eskatu du lantegi horretako langile guztientzat.
Amiantoaren presentziaz gain, mekanikari eta soldatzaileek amianto mantak erabili zituztela ere erakusten du txostenak, Euskadiko CCOOk azaldu duenez. Eta ez hori bakarrik; amiantoa arnasa hartzeko inongo babes neurririk gabe, horren arriskuaz ohartarazi gabe, eta osasuna ikuskatu gabe manipulatu zela ere baieztatu ahal izan dela dio.
CCOO, «pozik»
Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko Lan Osasuneko arduraduna «pozik» agertu da txostenaren emaitzarekin: «Eztabaidaezina da bai gaixotasuna eta bai langilearen heriotza lanarekin lotuta daudela». Hala eta guztiz ere, «kezkatuta» agertu da, iaz egindako txostenek -langilea oraindik bizi zela- amiantoa zegoela ukatzen zutelako, «ikerketarik egin gabe».
Francisco Javier Martinez Diaz de Zugazua langilearen salaketaren harira hasi ziren Lan Ikuskaritza eta Osalan txosten hori egiten. Biriketako mesotelioma diagnostikatu zioten (amiantoari lotutako gaixotasuna), eta ikerketa bat egiteko eskatu zuen.
Hasiera batean Osalanek kaleratutako txostenean ez zen frogatu amiantoa erabili zenik. Hala ere, lan istripu baten auzian amiantoa erabili zela frogatu zen eta teknikariak bidali zituzten enpresara. Eta Michelinek hanka sartu zuen: Osalaneko teknikariak ikertzen ari zirela, amiantoa kentzeko agindu zuen, inongo segurtasun neurririk hartu gabe. Osalanek eta Arabako Lan Ikuskaritzak azkenean baieztatu egin ahal izan zuten amiantoaren presentzia.
Hori lortuta, Gasteizko Michelinen gaixotasun profesionaltzat hartzeko bidea ireki da. Langileek babes medikua lortuko dute.
Gasteizko Michelinen amiantoa erabili zutela frogatu dute
Bertako langile baten heriotzaren eta amiantoaren arteko lotura eztabaidaezina dela esan du CCOOk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu