Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotel, landa ostatu eta apartamentu turistikoek 201.839 sarrera izan dituzte uztailean; Eustaten arabera. Iaz baino %44 gutxiago izan dira. Gaualdiak ere antzeko jaitsiera izan dute, %48,3. Baina ekainarekin alderatuz, nabarmen igo dira: 412.181 gaualdi izan dira, aurreko hilean baino 296.489 gehiago.
Turismo sektorearen jarduera handituz joan da alarma egoera amaitu zenetik hona: ekainean, artean ere 417 establezimendu zeuden itxita; uztailean, 204. Denera, 949 establezimendu egon dira irekita uztailean, iaz baino 98 gutxiago.
Bisitarien batez besteko egonaldia ere murriztu egin da aurten. Jaitsierarik handiena Gipuzkoak izan du: 2019ko 2,39 egunetik aurtengo 2,01era. Bizkaian eta Araban, aldiz, txikiagoa izan da egonaldien beherakada. Bizkaian, 2,08 egunetik 2,07ra jaitsi da; eta Araban, 2,13tik 2,07ra.
Apartamentu turistikoak
Establezimendu gutxiagok jardun duten arren, apartamentu turistikoen kopurua handiagoa da aurreko urtearekin alderatuta. Iaz, 81 ziren iaz, eta, aurtengo uztailean, 88 zenbatu dituzte. Sarrerek eta gaualdiek, berriz, behera egin dute: %27,4ra eta %30era, hurrenez hurren. Gaualdiak ere jaitsi egin dira —3,62tik 3,49ra—. Araban izan da beherakadarik handiena: 6,53tik 5,22ra arte.